Sahararen aldeko euskal karabana Laudiotik aterako da aurten. Urtero bezala, Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duten elkarteek “Piztu Itxaropena” izeneko Karabana antolatu dute. Helburua Tindufeko kanpamenduetara elikagaiak eta premia-premiazko bestelako produktuak eramatea da. Azaro aldean hasi eta otsailean bukatu ohi da kanpaina hau, karabana Tindufeko kanpamenduetara abiatzen denean. Ekimena, EAE mailakoa da. Hots, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin da.
Aurten hamargarren aldiz antolatu da ekimena eta Aiaraldeko SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Lagunen Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie kanpainan parte hartu duten eskualdeko herritar, talde eta udalei. Izan ere, guztira, 4.900 kilo jaso dira Aiaraldean: lekaleak, azukrea, pasta, arroza, hegaluzea, sardinak eta konpresak bildu dira eskualdeko supermerkatu eta ikastetxeetan. Iaz baino kopuru handiagoa jaso da eta elkartea oso pozik dago, beraz, herritar eta eragile desberdinek Sahara herriarekin adierazitako elkartasunarekin. Elikagai guztiak Aiaraldetik biltegi zentralera eramango dira orain, EAEn jaso diren gainontzekoekin batera pilatzeko.
Aurten karabanak Aiaraldetik hasiko du kanpamenduetarako bidea, izan ere, Laudiotik abiatuko da larunbat honetan. Hemendik Alacanteko portura zuzendu eta hortik Aljeriara helduko da, elikagaiak Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan banatzeko.
Karabanaren irteera ekitaldia
Karabanaren irteera ekitaldia Laudioko Baia eta Landaluze kaleen arteko gurutzetik Eroskiko biribilgunera(3) doan tartean izango da.
Kanpaina antolatzen duten elkarteekin batera, Aiarako Kuadrilla, Udalak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira. Euskal Herrian SEADek duen ordezkaria ere bertan egongo da.
Karabana abiatu ostean, Etawasol, Aiaraldean sortu berria den sahararren elkarteak, jai bat antolatzeko asmoa du. Bide batez, otsailaren 27an den Saharako jai nazionala ospatuko dute horrela: haima jarriko dute, kontzertua egongo da eta baita tea dastatzeko eta henarekin gorputza margotzeko aukera ere.
Etawasol elkarteak Aiaraldean dauden Saharako 170 lagun ingururentzat topagune izan nahi du. Arabierazko ikastaroa abiatu dute duela gutxi eta antzeko ekimen gehiago antolatzeko asmoa dute. Facebook kontua ere sortu dute informazioa elkarbanatzeko: www.facebook.com/etawasol.