Maider Iglesias Arazadiko kideak sarrera interesgarria utzi du naturayala elkartearen
blogean:
Euskal Herrian hamar suge espezie bizi dira, horietatik bi sugegorriak direlarik. Sortarazten duten beldurra dela eta asko dira makilakada bat jota hiltzen diren suge guztiz kaltegabeak*. Suge bat jipoitzeko arrazoirik ez egon arren, askotan sugegorriak direlakoan hiltzen ditugu. Ziur aski sugegorriekin gehien nahasten den sugea eta hortaz, antzekotasunak gehien sufritzen dituena suge leuna da, bai hegoaldekoa (Coronella girondica) zein iparraldekoa (Coronella austriaca). Bitxia bada ere suge leunak ez dira sugegorriekin antzekotasun gehien dutenak.
Egia da zenbait antzekotasun azaltzen dituztela, horien artean, adibidez, tamaina. Bai suge leunak zein sugegorriak (Aiaraldean sugegorri kantauriarra (Vipera seoanei) soilik topa daiteke) suge txikiak dira, 50 zm-ak nekez gainditzen dituztenak. Gainera, bizkar aldeko kolorea ere nahasgarria gerta daiteke, bai batak zein besteak kolore gris-marroixka azaltzen baitu, orban ilunagoekin. Hala ere, harreta ipiniz gero ikus dezakegu suge leunek ez dutela sugegorrien sigi-saga marrazki bereizgarria inoiz azaltzen.
Hala ere, ezberdintasun gehiago daude. Hasteko, sugegorriek gainerako sugeekiko ezberdintzen dituzten hiru ezaugarri azaltzen dituzte: begi-nini bertikala (sugeena borobila da), burua hiruki formakoa eta buru gaineko ezkata txikiak (sugeen kasuan plaka handiak agertzen dira). Bi ezaugarri hauek sugegorriak nahastezinak bihurtzen dituzte.
Azkenik, suge leunek ezkata “leunak” azaltzen dituzte (hortik beraien izena), urrutitik ikusita ere distiratsuak diruditelarik (bustita egongo balira bezala). Sugegorrien ezkatek, aldiz, mate itxura dute eta marra zentrala (karena bat).
Zailagoa da sugegorriak suge biperakaratik (
Natrix maura) desberdintzea. Suge hau urtarra da eta izena sugegorriekiko duen antzekotasunetik datorkio. Suge biperakarak, suge leunek ez bezala, sugegorrien sigi-saga bereizgarria mimetizatzen duen kolorazioa azaltzen du. Gainera, mehatxatua sentitzean, sugegorrien antza handiago izateko burua zapaltzen du hiruki forma hartuz. Hala ere, nahikoa da bere begia begiratzea katuen begi-ninia ez duela ikusteko, zirkulu laranja bat baizik; buruan, gainera, ezkata handiak azaltzen ditu.
Sugeek beldurra sortarazten digute, baina horrek ez du zertan ikusten ditugun suge guztiak hiltzeko aitzakia izan. Gehienetan ezagutzen ez duguna eragiten digu beldur. Hori dela eta, animalia baten beldur baldin bagara, izaki hori hobeto ezagutzen saiatu behar gara uste bezain mehatxagarria ez dela konturatzeko. Horrela, beldurra galtzeaz gain haien presentziaz gozatzen ikas dezakegu. Sugeak eta batez ere sugegorriak animalia motelak dira eta beraz, hiltzeko oso errazak. Horregatik, ez genuke suge bat hil dugulako gure buruaz harro egon behar, baizik eta gure mendietan, Aiaraldean, ditugulako.
(*)Argitu behar da Euskal Herriko sugegorrien arriskugarritasuna uste baino askoz txikiagoa dela. Nahiz eta pozoitsuak izan heriotza oso kasu zehatzetan ekar dezakete: pertsona alergiko edo gaixoetan.