Aurten ere auzo-batzarren dinamika jarriko dute martxan Amurrio eta Laudioko udalek. Amurrion bihar izango da lehen zita, otsailak 4. Auzo-batzarretako ordezkariak bilduko dira, aurtengo asanbladak nola egin zehazteko. Zita hori ez da bakarra izango, urtea aurrera joan ahala bilera irekiak deituko baitituzte herriko auzoetan.
Laudion, berriz, otsailaren 24aren eta martxoaren 3aren artean egingo dira asanbladak. Zortzi asanblada egingo dira, zortzi auzunerentzako:
- Landa eremua
- Ugarte
- Erdigunea
- Latiorro
- Arraño
- Gardea,
- Areta
- Landaluze.
Bilera bakoitzaren data oraindik zehaztu gabe dagoen arren guztiak arratsaldeko zazpietan egingo direla aurreratu du Koldo Zabala zinegotziak, astelehenetik ostegunera bitartean.
“Auzobegiralea”
Auzo-batzarrak egiteaz gain, beste ekimen bat plazaratuko du Amurrioko Udalak: “Auzobegiralea”. Figura berri hori auzo-batzarretan planteatzen diren eskaera eta proposamenak jaso eta euren jarraipena egitea izango du helburu. Auzokideen eta udalaren arteko “harreman zuzena” mantentzeaz ere arduratuko da, udalaren hitzetan.