ERREPORTAJEA: Kintoak, tradizioaren metamorfosia

Txabi Alvarado Bañares 2014ko ots. 2a, 09:06

1839. urteko abuztuan bukatu zen Lehen Gerra Karlista, eta hala hasi zen foruen deuseztapena. Baina foruen galera ez zen bera bakarrik etorri Hego Euskal Herrira, ospakizun bat ekarri baitzuen berarekin: kintoen ospakizuna.

1839. urteko abuztuan bukatu zen Lehen Gerra Karlista, eta hala hasi zen foruen deuseztapena. Baina foruen galera ez zen bera bakarrik etorri Hego Euskal Herrira, ospakizun bat ekarri baitzuen berarekin: Kintoen ospakizuna.

Izan ere, foruek herritarrak soldaduska egitetik salbuesten zituzten. Burgoseko emakumeak Miñano inguruko etxe batera joaten ziren haurdun zeudenean, Txomin Rodina historia zale urduñarraren arabera. Hala, bertan jaiotako haurrak ez ziren etorkizunean fusil bat hartzera behartuak izango, foruen legediaren pean jaioak zirelako. Baina estatutu juridiko horiek kenduta,

18 urte betetzen zuten gizonezko guztiak soldaduska egitera derrigortuak izan ziren. Horregatik hasi ziren ospatzen kintoak, armadan sartu baino lehen “aurpegia alaitzeko” jai moduan. Hori da festa horren jatorria, Rodinaren hitzetan. Urteak aurrera joan ahala ospakizun berria garatuz joan zen, eta frankismoaren garaipenarekin jende gehiago batu zen festara. “Ordura arte aberats batek txiro bati ordaindu ahal zion gerrara bere ordez joan zedin”, azaldu du historia zale urduñarrak. Frankorekin, baina, pribilegio horiek albo batera utzi ziren.

 

Jai soil” bilakatzea

Ondo ezagutu du Rodinak Urduñako kintoen ospakizuna, bere kintatik ­1971. urtean­ gaur egun arte. Derrigorrezko soldaduskaren deuseztapenak leku askotan jai hori ere albo batera uztea ekarri zuen. Baina Urduña eta Amurrion ez zen hala gertatu. Belaunaldiz belaunaldi mantendu da tradizioa.

Amurrion eta Urduñan festa egiten jarraitu zuten Laudio baino txikiagoak zirelako eta errazagoa zelako adin bereko gazte guztiak elkar ezagutzea eta harremana mantentzea”. Hala uste du Aketza Merino historialari amurrioarrak. Luiaondo, Lezama eta Baranbio bezalako herri txikietan ere kintoak kantatzera ateratzen zirelakoan dago Merino, baina ohitura hori zerbitzu militarra deuseztatu baino lehen galdu zela gaineratu du, “60ko edo 70ko hamarkadan”.

Gaur egungo kintoen ospakizunek eta soldaduska indarrean zegoenean egiten zirenek ez dute zerikusirik, Rodinaren arabera. Aldaketa “erabatekoa” izan zela uste du historia zale urduñarrak .“Gaur egun dibertsio hutsa da, ez delako zerbitzu militarra egin behar, ez duzulako aditzera eman behar kontzientzia­ objektore zarela... ez duzulako ezer egin behar”. Horrek kintoak “jai soil” bilakatzea ekarri du, Rodinaren hitzetan, “ez dute lehen zeukaten herri sentimendua”.

Iritzi ezberdinekoa da Ainhoa Gutierrez. Bere kintakoei egokitu zaie aurtengo festa antolatzea, 18urte beteko baitituzte. “Galdera ona orain ez gara soldaduskara joaten”, hausnartu du Gutierrezek kintoak ospatzearen gaur egungo zentzuaren inguruan galdetzean. Gakoa “ilusioan” dagoela ondorioztatu du, 18 urte betetzearen ilusioan. “Heldutasunera sartzen garela beste era batean ospatu nahi dugu”.

Antzeko iritzia du Jon Porresek. Amurrioko kintoen antolaketan sartua dago, eta azarotik dabil ostiralero kintako gainontzeko kideekin biltzen, Matias Landaburuko eraikinean. “18 urte betetzen dituzunean egiten duzun jai bat”. Hala definitu ditu berak Amurrioko kintoak. Agate Deunaren bezperan izango dute Porres eta bere kintakoek ospakizunaren lehen txanpa: baserritarrez jantzita aterako dira, Amurrio inguruko lurraldeetatik abestera. Jai nagusia, baina, otsailaren 14rako dute gordea. Bertaratzera animatzen den orori irekitako egitaraua prestatzen ari dira egun horretarako:

Arratsalde partean batukada bat egongo da eta gero kontzertuak.

Hori da Aiaraldean kintoen ospakizunak izan duten beste aldaketa bat: festa herrietan geratzen dela. Lehen Abadiñon edo Tolosan bukatzen zen jaia kintoak ospatzen zituen urduñar ororentzat, nahita ez. Baina jada ez dute halakorik egiten, Amurriokoen antzeko plangintza baitute Urduñakokintoek. Otsailaren 1ean aterako dira herriz herri abestu eta dirua eskatzera, eta festa egiteko martxoaren 8 arte itxarongo dute. Trikipoteoa, umeentzako jolasak… hainbat ekintza egingo dituzte egun horretan, kontzertuak barne.

Hori guzti hori antolatzea ez da bi eguneko kontua izan. “Irailean hasi ginen bilerak egiten, eta hor hasi ginen aurtengo kintoak antolatzen: zer egingo dugun, nola egingo dugun, nola aterako dugun dirua...”, azaldu du Gutierrezek. Udaletxearekin ere kontaktuan jarri eta aurrera egin dute. Ostiralero biltzen dira orain, erabaki beharrekoak erabaki zein kantatu beharreko abestiak entseatzeko. “Oso abeslari onak” ez direla aitortu arren, “pixkanaka pixkanaka” aurrera doazela ziurtatu du Gutierrezek. Porresek, bere aldetik, abestearen afera “nahiko ondo” daramatela dio: “pixka bat gehiago entseatzea baino ez zaigu falta”.

Funtsean, aurreko belaunaldiek erabilitako eskema bera erabili dute aurtengo kintoek. Baina belaunaldi bakoitza ezberdina dela azpimarratu du Gutierrezek. “Guk beti pentsatu dugu: eta kintoak izango garenean zer egingo dugu?”. Aurreko belaunaldiekiko egondako aldaketetako bat“ krisi ekonomikoa” da, Hala ere, krisi ekonomikoaren aurrean horrelako ospakizunak behar direla gaineratu du, “elkarrekin egon etajendearekin ospatzeko”.

Eta kintoak bukatzean, zer? Urduña zein Amurrioko belaunaldi zaharrek urtero afari bat egiteko ohitura dute. Etorkizunean eurek ere berdin egitea espero du Gutierrezek, “ahal bada” betiere.

 

Auzoz auzo, eskean

Aldaketak aldaketa, badago gauza bat gaur egun arte mantendu dena kintoen ospakizunean: auzoz auzo eta etxez etxe abesten eta dirua joatearen ohitura. Eta aurten ere hala egingo dute, ohiko ibilbideak jarraituta.Urduñan otsailaren 1ean aterako dira. Lau taldetan banatzeko asmoa dutela jakinarazi du Ainhoa Gutierrezek. Lehen taldea Arrastaria aldera joango da, Larruazabal aldera bigarrena eta Azkena Saratxora. Arratsaldean, aldiz, batera arituko dira, Urduña osotik ateratzeko asmoa baitute. Amurrion, berriz, Agate Deunaren bezperan ateratzeko asmoa dutela jakinarazi du Jon Porresek. Zazpi talde egingo dituzte, San Jose, Izoria-San Anton, San Roke, Murga, Lezama, Saratxo eta Amurrio inguruetatik joateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide