Saraubeko Herri Batzarretako Mahai esanguratsuaren bueltan egindako ekitaldian izan da aukeratua Mikel Lasa EAJko hautagaia Aiarako Eskualdeko presidente. Ixone Retes Amurrioko zinegotzia aurkeztu du Bilduk instituzioa gobernatzeko, baina azkenerako, eta bozketa lehiakorragoa izango zela ematen zuen arren, alde nabarmenarekin hautatu dute ordezkari jeltzalea presidente. Mikel Lasak 16 bozka eskuratu ditu, eta Ixone Retesek 11.
Bozketa sekretua izan da, eta azken unera arte ez da jakin izan zein hautagaik lortuko zuen presidentzia. Alderdi popularreko eta sozialistako eledunek komunikabideei esandakoaren arabera, bi alderdi hauetako lau ordezkariek Mikel Lasa hautagaiaren aldeko bozka eman dute, arrazoi ezberdinak medio. Alderdi sozialistak adierazi du gaur goizean bertan itxi duela akordioa EAJrekin, oinarri hauen gainean; Eskualdeko komisio guztiak alderdi guztien artean banatzea, Eskualdeko egoitza nagusia Villa Fen kokatzea, eta Amurrioko hondakinen kudeaketa Eskualdeak bere gain hartzea besteak beste.
Alderdi popularreko Santiago Abascalek adierazi du jeltzaleen aldeko bozka "arduraz jokatu eta Bilduri ateak ixteko" xedez eman dutela. Ordezkari jeltzaleen adierazi digutenaren arabera, aldeko bozka honek harridura sortu du EAJn, Añanako Eskualdea presidiitzeko leihan bi alderdi hauen arteko negoziaketek huts egin dutelako egunotan (alderdi popularrak Aiaran EAJren alde bozkatuko zuen baldin eta Añanan EAJk hautagairik aurkezten ez bazuen).
Alderdi konstituzionalisten bozkak jasotzeaz gainera, Mikel Lasa hautagaiak plataforma independente bateko aldeko bozka ere jaso du antza; Aiara Batuz-ena, Okondo Bai-rena edota Omnia taldearena.
Ekitaldian Arabako Batzar Nagusietako presidentea den Juan Antonio Záratek eta foru instituzioetako beste zenbait ordezkarik parte hartu dute.
ARGAZKI BILDUMA ikusteko egin klik HEMEN.