2013. urte amaieran, 2012a amaitzean baino langabezia handiagoa egon da. Datu ofizialen arabera, 3.352 langabe daude. Hau da, biztanleria aktiboaren % 17,2.
Krisi ekonomikoa 2007an hasi zen, eta orduz geroztik langabeziak izugarri egin du gora Aiaraldean; zehazki, % 146,65 hazi da.
Bestalde, krisia dela-eta, Gizarte Segurantzan afiliatuta daudenen kopurua % 13,28 murriztu da: 2.225 lagun gutxiagok eman dute izena. Zehazki, 16.743 afiliatu izatetik, 14.518 izatera igaro da; kontuan hartuta, betiere, helarazi dituzten azken datuak 2013ko azarokoak direla.
Galerarako joera horretan, bada, erdia baino gehiago Laudiokoak izan dira (1.172 afiliatu gutxiago), eta Amurrion, berriz, 463 afiliatu gutxiago egon dira. Hain zuzen, Aiaraldea da langabezia handiena duten Hego Euskal Herriko eskualdeetako bat.
Hego Euskal Herriko langabezia-tasa % 17,1ekoa da. Horrek esan nahi du Europar Batasuneko batez bestekotik 6,2 puntu gorago dagoela. Izan ere, Kroaziak, Espainiako Estatuak eta Greziak soilik dute langabezia handiagoa. Guztira, 218.862 langabe daude, hau da, urtebete lehenago baino 2.165 gutxiago. Ezkerraldeak, Sakanak eta Enkarterriek Aiaraldea baino langabezia handiagoa dute.
Aiaraldeko udalerrien artean desberdintasun nabarmenak daude langabeziari dagokionez: Aiara (% 11), Amurrio (% 17), Artziniega (% 12,3), Laudio (% 19,5), Okondo (% 11,1), Arakaldo (% 9,1), Arrankudiaga (% 10,6), Orozko (% 7,7) eta Urduña (% 16,6).
Laudion, alarma gorria
Beste udalerrietan ez bezala, udalerririk handienetan —Laudion eta Amurrion— langabezia hazi egin da 2013an zehar. Hala, bada, Amurrioko langabezia-tasa Aiaraldeko tasa orokorraren parekoa da (% 17), eta Laudio, berriz, alarma gorria piztu duten herrien artean dago jada. Izan ere, Laudion Barakaldon bezainbeste langabezia dago ia (% 19,7).
Aiaraldeko herri handienetan langabeziak izan duen bilakaera aztertuta, zera ikusten da: 2007az geroztik —eztanda egitear zegoen krisi ekonomikoaren alarmak piztu zirenetik, bada— igoera izugarria izan dela. Amurrioko langabezia-tasa % 7,3koa zen 2007an, eta 2013ko amaieran, aldiz, % 17koa. Laudioko igoera ere deigarria da: % 8,6tik % 19,5era.
Emakumeak, kaltetuen
Bestalde, Aiaraldea jasaten ari den krisi ekonomikoaren baitan, emakumea da kaltetuena. Gizonen langabezia-tasa baino 6-7 puntu gorago dago emakumeen langabezia. Halaber, gizonen soldatekin alderatuta, emakumeenak % 30 txikiagoak dira eta, esan bezala, eurak dira langabeziaren eta lan-prekarietatearen biktima nagusiak.
Horren harira, Laudio da emakumezkoen langabezia altuena duen udalerria: zehazki, % 23,2koa da. Horrek esan nahi du Laudioko lau emakume aktibotatik bat langabea dela. Amurrion, langabezia-tasa, emakumeen artean, %20,5ekoa da. Ondoren, Okondo eta Aiara datoz. Udalerri horietan bietan % 14,2koa da tasa.
2013ko abendu amaierako daturik ez badago ere, azarora bitartean, 13.206 lan-kontratu sinatu ziren Aiaraldean. Hau da, 2012an sinatutako 15.720 kontratuetatik behera. Amurrioko jaitsiera ikusgarria izan da: 2012an 6.457 kontratu ziren, eta 2013ko azarora arte, aldiz, 3.941.
Laudion, aitzitik, joera alderantzizkoa izan da: 2012an 4.647 kontratu sinatu baitziren, eta 2013an, azarora arte, 4.999. Okerrena da, dena den, kontratu horietatik % 7 aldi baterako izan direla. Langileak, batez beste, 41 egunerako kontratatzen dira, hilabete erdirako, beraz.