Ostegunean argitaratuko da Aiaraldea Egunkariaren 7.alea. Ez, edonolakoa gainera. Izan ere, 24 orri izango ditu. Herriz herri datozen asteburuetan egingo diren jai eta azokak izango ditu protagonista. Batetik, igandean Amurrion ospatuko den San Anton de Armurukoa. Eta, bestetik, Orozkon egingo duten San Sebasti eguna. Amurrion eta Laudion gauzatzen ari diren hezkuntza jardunaldien berri ere bilduko du. Baita Artziniegako azken obrak, Luiaondoko anbulategi berria eta Okondoko elkarteek lokal publikoak erabiltzeko prestatzen ari diren araudia ere, besteak beste.
Sozioekonomia atalean lan gatazkak eta 2013ko langabeziaren bilakaera izango dira nagusi. Jendartean, aldiz, Aketza Merino amurrioarrak XVII-XIX.mendeen artean izandako lapurreta eta liskarren inguruko ikerketa azaldu du elkarrizketa bidez. Bestalde, RASD elkarteak Saharara bidaltzeko janari bilketa ekimenak abiatu ditu. Otsailaren amaieran eskualdetik aterako da EAE mailan batzen diren elikagai tona guztien kamioi ilada. Ayma Sidi Ethmane aretan bizi den saharauiarrak errefuxiatuen kanpamenduan eta aiaraldean bizi duten egoera gerturatu ditu harekin izandako solasaldian.
Kultura orrietan Xabier Santxotena eskultoreak "El Universo de Santxotena" liburuan laburtutako ibilbide pertsonala aurkeztu du. Bestalde, autoekoizpen bidez diskoa argitaratu duten lau taldek ere hornituko dute egunkariko zazpigarren alea.
Kirolari dagokionez Aritz Arberas Euskadi Fundazioko prestatzaile fisikoak txirrindularitzaren egoera aztertu du. Alabaina, Amurrioko elur taldeak antolatu dituen eski irteerek eta artzikirolak ere izango dute lekurik. Horretaz gain, Leire Larisgoitia telebistako produktoreak Salvados programan izandako esperientzia kontatu du.
Bi gehigarri
Ale berezia izango da zazpigarrena. Izan ere, 16 orri beharrean 24 izango ditu: 2013ko urtekaria eta Aiaraldea Irratiko saio eta programazioaren aurkezpena barne baitaude.
Ostegun eta ostiralean ohiko tokietan egongo da eskura Aiaraldea Egunkaria: ikastetxeetan, euskaltegietan, tabernetan, supermerkatuetan, osasun etxeetan, kioskoetan, okindegietan... Baita online ere.
Aiaraldea Komunikazio Leihoak urrian argitaratu zuen aurrenekoz biastekaria, "40gramo euskara osasuntsu bizitzeko".