Etxean, kalean, bidaiatzen, parrandan, lagunekin, bakarrik... Gabonak igarotzeko era asko daude. Batzuentzat opor egunak esan nahi dute. Beste batzuentzat, lana. Izan ere, makina bat lanbide, eremu eta ahalegin inplikatzen dituzte Gabonek.
Horietako bat irakaskuntza da. Eskualdeko ikastetxe guztiak Gabonetako zuhaitzekin eta apaingarriekin bete dituzte: geletan zintzilikariak ipini, ekitaldi bereziak antolatu... Ibabe Olabarria irakasleak ondo daki zer den hori: “Hilabete osoa ematen dugu eguberriak lantzen: prestaketa, apaingarriak egin, eskutitzak idatzi...”. Hala, leihoak, pasilloak... atondu egiten dituzte.
Era berean, heziguneetako sarreretan Olentzero eta Mari Domingiren panpina jartzen dute. Ikasleak, oso parte hartzaile egoten direla dio; “Olentzerori arropa eta papera jartzen diote. Oso gustura egoten dira”. Gabonetatik magia eta urduritasuna nabarmentzen ditu: “Nagusienek ere asko disfrutatzen dute”. Abenduaren 20 inguruan, gainontzeko ikastetxe askotan bezala Olentzero, Mari Domingi eta ikazkinen bisita jaso zuten.
Kulturen arabera Gabonak ezberdin bizi direla garbi du: “Gure kasuan oso gutxi dira, baina horiek ere zoriontsu egoten dira. Bizi ez dutenez ezberdin hartzen dute, ez da haiena baina gustura egoten dira”. Haurren artean ere, errespetua dela nagusi dio.
Iñaki Arza harakina da. Urtero, dendari askok bezala erakusleihoa transformatzen du. Hamabi urtez hartu du parte APILL merkatarien elkarteak Laudion antolatzen duen eskaparate lehiaketan. Horietatik hamar ediziotan irabazi egin du. Gakoa, jendeari arreta ematen dion zerbait ipintzea dela dio. Eta, umorea edo bitxikeriak baliatzea. Aurten, prestatzeko denborarik ez duela-eta, ez du parte hartuko. Orain arte, ordea, urtero egin du. Besteak beste, txerrikume bat mozorratuta, oilasko bat apainduta... ipiniz. Garai hauetan lan askoz gehiago izaten dutela nabarmentzen du: “Kontsumoa hirukoiztu egiten da gabonetan. Ospatzen diren jaiak etxe girokoak dira, eta janaria izaten da oinarria. Jende asko pasatzen da hemendik”. Kulturaren arabera, ordea, aldatu egiten da eskualdean ospatzeko era.
Kulturaren arabera, ezberdin
Maimuna, esaterako, saharauiarra da eta ez ditu gabonak ospatzen: “Arabiako herrialdeak ezberdinak dira, ez dugu berdin jokatzen. Niretzako egun arruntak dira. Hala ere, hemen bizi eta hezi diren saharauiarrek gabon gaua ospatu egiten dute”. Urte berriari ongietorria emateko ez dute ezer berezirik egiten.
Martin Agirre, aldiz, Laudion bizi den argentinarra da. “Hego Amerikan eta Argentinan Europako ohiturak jarraitzen ditugu. Aldea 40 gradutakoa da”, dio barrez. Turroia, txanpaina... jan eta edaten dute; “%90ean berdina da”.
Naiara Zubikarai Galesen bizi den laudioarra da. Gabon gauaren aurreko ostiralean hasiko ditu ospakizunak. Izan ere, lankideekin bazkari eta parranda egitea nazio ohitura dute han: “Black Friday izenagatik ezagunagoa da, anbulantziak, larrialdiak eta polizia oso lanpeturik egoten direlako jendearen mozkorraren ondorioz istripuak gertatzen direlako”. Abenduaren 25ean, ordea, familia eta lagunekin indioilar betea jango du; “bere patata, barazki eta abarrekin”.
Txinatarrek, ordea, modu antzekoan baina ohitura ezberdinekin ematen diote hasiera urte berriari; urtarrilaren hasieratik 15 egunera, ilargi betea dagoenean, familia guztiak elkartu eta bazkari zein festa egiten dute.
“Ama Birjinari bisita egin, Txarlazora igo eta Txolope aterpean hamaiketakoa egiten dugu: turroiak, txistorra, txanpaina... 70 bat lagun edo elkartzen gara, geroz eta gehiago”.
Urte berriari ongietorria emateko moduak ere ugariak dira. Batzuk, urtea agurtzeko abenduaren 31an edo urtarrilaren 1ean mendira igotzeko ohitura dute. Garrastatxu Landaluze urduñarra, beste askorekin batera Txarlazora igo izan da askotan abenduaren 31an. Izan ere, Txarlazo mendi taldeak irteera antolatzen du: “Ama Birjinari bisita egin, Txarlazora igo eta Txolope aterpean hamaiketakoa egiten dugu: turroiak, txistorra, txanpaina... 70 bat lagun edo elkartzen gara, geroz eta gehiago”.
Okondon, aldiz, Ganekogortara joaten dira. Amurrion, ordea, Tologorrira igotzeko deia luzatu du Mendiko Lagunak taldeak. Goiz erdian hamaiketakoa egingo dute Goizalde aterpetxean. Hala ere, azkenaldian arrakasta areagotzen ari den joera Gorbeiako gurutzera igotzearena da. Aisialdirako ere aukerak handitu egiten dira Gabonetan. Besteak beste, udalek eta herrietako elkarteek ekintza eta irteera ezberdinak antolatzen dituztelako. Arrankudiagan, esaterako, kultur astea egingo dute. Artziniegan, aldiz, “Neguko oporrak” programa jarri dute martxan. Hitzaldiak, kontzertuak, herri azokak, antzerkiak... ere izango dira. Urduñan, adibidez, erosketak bertan egiteko azoka gune bilakatzen du kultur etxea Mugalde elkarteak.