Aiaraldea osoa zeharkatuko duen ibilaldia prestatuta dute gabon gauerako Olentzerok eta Mari Domingik. Lehen hitzordua eguerdi partean izango dute: Tologorriko magaletatik jaitsi eta Lendoñobeitiko Poza eta Elizalde auzoetako neska mutilei bisita egitea espero da.
Inguruko baserriren batean ez ote duten bazkalduko dudatan daude zeren eta arratsalde parterako, kalejira hitzordu sorta aparta prestatu diete eskualdeko auzo eta herrietan. Google maps aplikazioa erabili dute aurten bidean ez galtzeko: https://mapsengine.google.com/map/edit?mid=zL66DLVIEKWQ.kfuLJ9KrUkSw
Lehen kalejira Amurrion
Bazkalondotik altxatu eta Amurrion izango dira lehenbizi 16:00etan. Etxeguren gotzainaren plazatik abiatuko da kalejira. Ia segidan, 16:30ean, Orozkorako jauzia egingo dute Zubiaurreko plazan ere egoteko.
17:00etan, ohiko magia ariketaz baliatuta, Aretan, frontoian, Urduñan, Foru Plazan, eta Luiaondon, Zubibarri zubian, izango dira bertoko kalejiratan parte hartzeko.
Okondoko neska mutilak Bentilan izango dituzte zain 17:30ean.
Jarraian, 18:00etan, Laudion, Lamuza parkearen sarreran, Arrankudiagan, Herriko Plazan, Artziniegan, Futbol zelai zaharrean eta Arakaldon izango dira.
V. Herri Duatloia
Gabon gaueko V. Herri Duatloia ospatuko da Artziniegan bertoko Txirrindulari Elkartearen eskutik. 16:30ean hasiko da lehen proba, 8 urte bitarteko neska mutilak bilduko dituena. Jarraian, 16:45ean, infantilen txanda izango da eta 17:00etan 14 urtetik gorakoen proba abituko da, 600 metro oinez eta 6 kilometro bizikleta gainean burutu beharko dituzte.
23ko kantu kalejirak
Fita Fik Euskal Soinutresna Elkarteak kantu kalejira bi deitu ditu Olentzero gaua bezperarako, hilak 23rako, Urduñan eta Laudion. Eguerdi partean abiatuko dira Urduñako Foru Plazatik Biguri taldearen laguntzaz eta arratsalde partean, 18:00etan, Laudioko Herriko Plazatik Basalarrinako kantuzaleek lagunduta.
Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute musikariek eta hurbildutako guztiei beraiekin batera kantuan aritzeko gonbitea eskainiko diete.