Gustavo Abascalek egin du Naturayala blogaren azkenengo sarrera. Aiarako kultur eta natura ondarea jorratzen du atariak. Eskualdean aurkitu daitekeen espezie bitxi baten inguruko posta da Gustavok idatzitakoa:
"Harkaitz-txoria (Tichodroma muraría) mendiko harkaitzetan bizi den hegaztia da, haitzetako pitzaduretan harrapatzen dituen intsektuak eta armiarmak jaten dituena.
Ugaltze-garaian Iberiar penintsulako bi kokaleku ezberdinetan aurkitzen da: Pirinioetan eta Kantauriar Mendikatean. Neguan, berriz, kota baxuetara jaisten da eta hazkuntza gauzatuko den guneetatik gertu kokatzen da.
Salbada mendilerroa da, hain zuzen, harkaitz-txoriak negua igarotzeko aukeratzen duen leku horietako bat. Askotan ikuskatu da espezie hau mendilerroaren amilburuaren puntu ezberdinetan. Hori dela eta, urteko sasoi honetan bertan ikustea ohiko dugu.
Argazki hau azaroaren amaieran hartu nuen, Txarlazotik gertu."