Parrilla berria aurkeztuko du Uhinak Irratiak

Txabi Alvarado Bañares 2013ko abe. 19a, 07:14

Programazio berria aurkeztuko du Aiaraldeko Uhinak irrati libreak bihar, ostirala. Laudioko Gaztetxean izango da zita, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Ordu horretan emango baitzaio hasiera irratiko kideek okasiorako prestatu duten egitarauari.

Programazio berria aurkeztuko du Aiaraldeko Uhinak irrati libreak bihar, ostirala. Laudioko Gaztetxean izango da zita, arratsaldeko zortzietatik aurrera. Ordu horretan emango baitzaio hasiera irratiko kideek okasiorako prestatu duten egitarauari.

Hala Bedi 30 urtez kolpez kolpe dokumentalaren aurkezpena egingo da lehenbizi, Hala Bedi irratiko kideen eskutik. “Luntxa” egingo da gero, eta gaueko hamarretan emisio berezi bati emango zaio hasiera, gaztetxetik zuzenean 96.5 FMan entzun ahal izango dena. Aiaraldea Irratiko Interlobotomia saioak eta Uhinakeko Ojodagilak gidatuko dute gaua, baina irratiko gainontzeko kideek ere parte hartuko dute, eta ez beraiek bakarrik. Los Planeta Pirulo (Jose Luis no me mires con el ojo de cristalen omenezko taldea) eta Igor Arzuagak euren musikarekin lagunduko baitute zuzenekoa.

Musika, baina, ez da bi talde horiekin bukatuko, irratiko zenbait irratsaioetako kideak DJ lanetan arituko baitira gero, goizeko ordu txikietara arte. Sugearen sagarra, Euskrats, La lista negra, AcaRAPerro eta Positive Bomb saioetako doinuak entzungo dira.

12 saio propio                                                                                                                                            

 Aurkezpena bihar izango den arren, martxan dago jada Uhinak Irratiaren parrilla berria. 12 dira irratiak eskainiko dituen saio propioak, eta horietatik lau berriak dira. Positive Bomb da berrietako bat; hip-hop, ska, reggae zein beste estilo batzuetako musika ardatz duen ordubeteko saioa. Euskal Uhinak ere aurten estreinatu da, eta Euskal Herrian ekoitzitako musika du ardatz. Musika baino, literatura jorratzeko helburuarekin sortu da Vivir el cuento saioa, ipuin laburrak irratiz kontatuko dituena. Banaketa ez-komertzialean aritzen diren mugimendu sozialez mintzo da, berriz, Banaketak.

Saio beteranoen artean topa ditzakegu Ojodagila eta La lista negra. Bi orduko magazin-txokoaren formatua hartzen du  lehenak; eta zinema, literatura zein politika sarkasmo eta ironiaren bidez jorratzen ditu bigarrenak.

Genero ikuspegiak ere bere presentzia izango du uhinetan, Sugearen Sagarra saioan. Komikiei, bideojokoei, filmei eta antzekoei buruz hitz egitea, aldiz,  El Abismo de Tannhäuserko kideen lana izango da.

Positive Bomb eta Euskal Uhinak saioez gain, musika ardatz duten beste lau saio daude parrillan: AcaRAPerro saioak, bere izenak adierazten duen bezala, hip-hop eta rap doinuak eskainiko dizkio entzuleari. El pitch prodigiosok musikaren alde elektronikoan lerrokatuko da, eta alde indiean Gimme In-D rock saioa. Erraldoi txikiak, bere aldetik, disko bat aurkeztu eta sakonki aztertuko  du astero.

Saio propioez gain, beste irrati batzuetako programak entzun ahal izango dira 96.5 FMan: Hala Bedi irratikoak, Info7koak, Salamancako Radio Perrerakoak  zein Arrosa sarearen bidez hartutakoak. Aiaraldea Irratiko saioak entzuteko aukera egongo da baita: Harian magazina (Aiaraldeko gaurkotasunari errepasoa egiten dion albistegia), Aiszirimola (hezkuntza ardatz duen saioa), Klioren basoa (historia), RZk (errezeta eta trukuen txokoa), Euskrats (musika elektronikoa), Ñau! (Aiaraldeko gazteriari buruzko saioa), Zinema Uneak (zinemari buruzkoa) eta Taupadaz-taupada (Taupaka sortzaile elkarteak sortutako programa).

14 urte uhinetan

1999an kokatzen dute Uhinak Irratiko kideek proiektuaren sorrera-data. Antena bat jartzea izan zen lehenbiziko asmoa, Hala Bedi Aiaraldean entzun zedin. Baina laster ekin zioten deskonexioak egiteari, irratsaio propioak txertatzeko helburuarekin.

Uhinak Irratia baina, ez zen eskualdean martxan jarri zen lehen irrati librea, aurretik Pirula Irratia egon baitzen. 1986ko apirilean sortu zen, eta hilabete berean desagertu zen, lau urte geroago. Garai haietako baliabide teknikoak medio, Pirulak ezin izan zituen bere uhinak eskualde osoan zehar hedatu, baina hori da Uhinak Irratiak orain duen asmoa. Antena berria erosteko “inbertsio handia” egin dute, eta orain Aiaraldeko txoko gehiagotara iristen dira, Urko Añibarro Uhinakeko kidearen arabera.

 

"Hala bedi 30 urtez kolpez kolpe" dokumentalaren trailerra: 

[video:http://www.youtube.com/watch?v=R0Kpo5uVLaI]

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide