Batzar administratiboetan hauteskundeak egin dira, etorkizuna kolokan dagoenean

Aitor Aspuru Saez 2013ko abe. 12a, 09:09

Abenduaren 1ean Arabako Batzar Administratiboen hauteskundeak izan ziren. Aiaraldean, 32 kontzejuk erabaki zuten zeintzuk hartuko dituzten tokiko erakunde horien ardurak. 2.100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten entitateen berrikuntzan. 102 ordezkarien artean 37 emakume hautatu dituzte.

Abenduaren 1ean Arabako Batzar Administratiboen hauteskundeak izan ziren. Aiaraldean, 32 kontzejuk erabaki zuten zeintzuk hartuko dituzten tokiko erakunde horien ardurak. 2.100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten entitateen berrikuntzan. 102 ordezkarien artean 37 emakume hautatu dituzte.

Hauteskundeak ziurgabetasun giroan eman dira, Espainiako Gobernuak aurkeztu duen Arrazionaltasun eta Jasangarritasun legea eztabaidatzen ari baitira Madrilen. Legea, berez, abenduan zehar onartu beharko lukete eta aldaketarik ezean ondorio larriak izango lituzke Batzar Administratiboetan.
Jesus Mari Bernaola duela hamarkada bat baino gehiagotik da Baranbioko Batzar Administratiboko arduraduna. Bere jarduera herriaren ohiturak mantentzera bideratu du. “Gazteek gure tradizioak ezagutu behar dituzte haiekin jarraitzeko”, adierazi du. Ondare historikoa ez ezik, herri ondasunak ere berreskuratu dituzte Baranbion. Besteak beste, maisuen etxea berriztatu dute. Bernaolaren ustez, Batzar Administratiboak egin du guzti hori posible eta beste erakunde batek ez lioke arretarik jarriko horrelako proiektuei. Arrazionaltasun eta Jasangarritasun legea onartuko balitz, kontzejuak eskumenik gabe geratuko liratekeela uste du Bernaolak, baina itxaropentsu agertu da: “Batzar guztiak batuko gara eta ezerezean geratuko da asmoa”.

Tertangan Alberto Quincoces izango da batzordeburua berriro. 20 urte eman ditu karguan eta lau urte gehiagorako hautatu dute. Bere ustez, kontzejuak dira herritarretik gertuen dauden erakundeak. “Batzordeko hiru ordezkariek ez dute erabikirik hartzen, herritarrek baizik. Herritarrek bileretan akordioen bitartez edo gehiengoaren bidez erabakitzen dute egin behar dena.” Horregatik, bere aburuz, “instituzio demokratikoena” da.
Quincocesen ustez, arrisku ugari dituzte aurrean Batzar Administratiboek: “Arau foralaren baitan jasotzen direnez kontzejuen eskumenak, Arrazionaltasun eta Jasangarritasun legeak ez lioke Batzar Administratiboen izaerari eragin behar, baina Arabako Alderdi Popularrak eskumenak kentzeko proiektua du”. Duela urte bat aurkeztutako aurreproiektuaren bitartez Batzar Administratiboen gaitasunak guztiz hustu nahi du PPk eta hilerriaren eta gizarte etxeen kudeaketa utzi nahi diete bakarrik.

Egun, Batzarrek eskumen guztiak dituzte: ur kanalizazioa, bideen mantenua, mendien ustiapena, argiztapena... Hirigintza ez, hori Udalena baita. Hala ere, aurkari asko agertu zirenez gero, proiektua gelditu zuen Javier De Andrés-en alderdiak, Alberto Quincocesen aburuz.

Dena den, EH Bilduren talde juridiko batek Arrazionaltasun eta Jasangarritasun legearen irakurketa kritikoa egin du. Taldeak ziurtatzen du dagoen moduan onartuko balitz, legeak Foru Aldundien esku utziko lituzkeela Batzar Administratiboen eskumenak. Hortaz, berez, Araban dauden 370 batzarrek -Trebiñukoak barne- tokiko entitatearen izaera galduko lukete.

Bizkaiko Kontzejuak Aiaraldean
Arabako Batzarrez gain, Aiaraldean  kokatzen dira Bizkaiak dituen lau kontzeju bakarrak. GuztiekLarruazabal batzarra osatzen dute. Zehazki, hauek dira: Belandia, Mendeika, Lendoñobeiti eta Lendoñogoiti.

 Erakunde horiek ibilbide historiko luzea dute, Juanjo Hidalgok azpimarratu du 1257. urtekoa dela topa daitekeen lehen aipua. Hala ere, historialariak azadu duenez, 1516. urtean onartu zen Batzordearen Ordenantza.

Larruazabal Batzarraren etorkizuna ez dago argi Juanjo Hidalgorentzat. “Araban 300 kontzeju baino gehiago daude eta indarra dute, baina Bizkaiko Foru Aldundian lau hauek daude bakarrik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide