"Lanak ironiaz eta umorez kritika egiten dio erlijio katolikoak emakumeari eman dion eginkizun historikoari"

Aitor Aspuru Saez 2013ko abe. 9a, 10:45

PABLO IBARLUZEA (Laudio, 1980) antzezlea ez ezik zuzendaria ere bada. ZUBI proiektuaren bitartez eta Eneritz Artetxerekin "Konpota" lana aurkeztu du Durangon eta Euskal Herriko hainbat lekutatik igaroko den birari hasiera eman dio.

 

 

Zuzendari lanetan Durangoko Azokan ibili zara, zer nolako sentzazioak dituzu?

PABLO IBARLUZEA (Laudio, 1980) antzezlea ez ezik zuzendaria ere bada. ZUBI proiektuaren bitartez eta Eneritz Artetxerekin "Konpota" lana aurkeztu du Durangon eta Euskal Herriko hainbat lekutatik igaroko den birari hasiera eman dio.

 

 

Zuzendari lanetan Durangoko Azokan ibili zara, zer nolako sentzazioak dituzu?

Egia esanda ez zuzendari lanetan aritzen naizen da lehen aldia. Zuzendari gisa hasi nintzen lanean nazioarteko konpainietan 2009an, hroein artean “Cirque de Legume” egin nuen eta Dublinen eta New Yorken saritua izan zen.

Kasu honetan berezia da testua dagoeneko idatzita dagoela. Nire esperientzia sorkuntza kolektiboan zen eta Klown hizkuntzan. “Konpota”, gaineram testu zaila da. Erregistro aldaketa ugari ditu eta nituen esperientzia guztiak gainditu ditu. Baina egindako lanaz arro gaude eta irrikitan nago publikoak ezagutu dezan.

 

Nola eman da "Konpota" egiteko aukera?

ZUBI proiektuaren lehen emaitza da “Konpota”. Euskaraz egindako lanak sustatzen dituzten entitate eta programatzaile ezberdinen eskutik sortu zen ZUBI duela bi urte. Proiektuaren helburua da euskaraz lan egiten duen eta gorantza doan artista edo konpainiak hautatzea, baldin eta proposamen berezia badute.

Proiektu bat egingo da bi urtean behin eta ematen den laguntza ez da soilik ekonomikoa, sutatzaileen aretotan emango baita erabakitako ikuskizuna. Edozein artistarentzat oso aukera garrantzitsua da.

Eneritz Artetxe oso ezaguna da egiten duen lanagatik, telebistan zein antzerkian, eta testu bat aurkeztu zuen. Horren egilea antzerki maisu frantsesa da, nazioarte esparruan ospe handia duen Philippe Gaulier. Biok ikasi dugu berarekin.

ZUBIko kideek bere proiektua aukeratu zuten eta berak beti pentsatu du ni izan behar nuela proiektuaren zuzendaria. Proposatu zidan eta nik ez nuen zalantzarik izan. Eneritz ezagutzen dut, nire ikaslea izan da YINdeYAN nazioarteko laborategian. Gainera, testua ezagutzen nuen. Oso berezia da edukien eta formaren aldetik eta interesatzen zitzaidan asko eszenaratzea, ez baitira ohikoak horrelako testuak.

 

Zergatik da berezia antzezlana? Zeintzuk izan dira zailtasunak, nolakoa izan da prozesua?

Antzezle bakarreko lana da eta hori da formula zailena antzezlearentzat zein zuzendariarentzat. Kolore asko atera behar zaio antzezleari ordu bat eta hogei minutuko bakarrizketa jasan dezan. Berak zein publikoak, jakina!

Prozesua oso gogorra baina bizigarria izan da. Eneritzek lan bikaina egin du eta guztia eman du pertsonaiarekin eta nire kanpoko begiradarengan konfidantza guztia jarri du. Horrek utzi dit askatasun osoz esperimentatzea eta asko ikastea.

Egia esanda duela gutxi, testuaren emanaldi osoa egiterakoan eta ez eszena soltetan, konturatu naiz zein konplexua den eta zein neurrian den konplexua eszenatokira eramatea. Shakespeare bat eszenaratzea bezain zaila izan da, agian gehiago. Jakin izan banu agian ez nintzatekeen proiektuan murgilduko!

Proiektuarekin urte bat baino gehiago eman dugu lanean eta lana lau alditan banatu dugu, asteko entsegu trinkoak egin ditugu Gernikan, Zornotzan, Iparralden eta San Agustinen. Aldi bakoitzak geruzak eman dizkio testuari eta denborari esker asentatu egin dira eta sakontasuna eman diote.

 

Planteatzen dituen gaiengatik, norentzat da bereziki interesgarria antzezlana?

Eneritzek antzezten du emakumezko pertsonaia biblikoa, oso ezaguna, eta gutxinaka bere identitatea jakinarazten du. Pertsonaia honek, ironiaz eta umorez beteko estiloari esker kritika egiten dio erlijio katolikoak emakumeari eman dion eginkizun historikoari.

Pertsonaiak oso hizkera gordina erabiltzen du, baina baita umorea eta ironia. Horrek lortzen du ikuskizuna oso dinamikoa izatea eta oso azkar aldatzen diren emozioetatik igarotzea.

Testua oso aberatsa da eta eszenaratzea oso xumea, antzezlearen lanaz eta testuaren musikaz gozatzeko. Ziurrenik antzezle lanetan aritu naizenez, zuzendari gisa gogoko dut antzezlearen eta publikoaren arteko hurbiltasuna lantzea. Ez dut ikuskizuna argitan oinarritzen baizik eta antzezlearen lanean. Berak eraman behar gaitu leku ezberdinetara bere lanaren bitartez.

Testu interesgarria entzun nahi dutenei, benetako antzezle lana ikusi nahi dutenei, Zigor Gorostiolak -argitzailea- egindako lan izugarria ikusi nahi dutenei,  umorea dutenei eta pertsonaiaren lekukotasunari esker asti on bat pasa nahi duten guztiei luzatzen diet proiektua ikusteko gonbidapena.  

 

Zein da egingo duzun ibilbidea lan honekin? (non egongo zarete).

Estreinaldia San Agustin Antzokian egin eta gero Durangon, Lezon egongo gara abenduaren 8an, 20:30ean.

Zornotzan eta Donibane Garazin ibiliko gara urtarrilean, Elorrio, Leioa eta Gernikan otsailean, Astigarraga eta Luhuson martxoan eta Aulestin eta Bilbon apirilean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide