Aiaraldeko trafiko ardatz nagusiaren, A-625 errepidearen, egoera aztertzeko bilera egin berri dute Autonomia Erkidegoko eta Arabako Foru Aldundiko trafiko arduradunek azken hilabetean 3 hildako eragin dituzten istripuen harira. Guztira, 2008-2013 artean Laudiotik Urduñarako errepidean 12 lagun hil dira.2005-2011 aldian, berriz, EAEn bezala istripu kopurua ia erdira jaitsi dela ondorioztatu dute.
Luiaondoko radarra
Neurri gisa, Eusko Jaurlaritzak Luiaondotik Laudiorako norabidean 2011az geroztik erreta egon den radarra berriro martxan jarriko duela adierazi du.
“A-625 errepidean gertatu diren azken istripuak aztertu ondoren, ez dirudi 635,91 kilometro-puntuko radarrak istripuak saihesteko gaitasunik duenik”, adierazi dute Segurtasun Saileko arduradunek.
Hartara, “prebentzio eta disuasio neurri gisa” konponketa lehenbailehen bideratuko dela iragarri dute. Neurriaren helburua zuhurtziarik gabeko gidariek errepideko abiadura-muga ez gainditzea da.
Neurri berriak
Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio Sailak istripuak suertatu diren puntuan eragingo duen presazko egitasmoa aurkeztu du. Laudioko saihesbideko tarte bikoiztua igaro ondoren, bi noranzkoko bidean sartzen diren gidariei ohartaraziko dieten argi seinaleak jarriko dituzte, eta istripuak gertatu diren bihurguneko balizak ere indartuko dituzte.Horrez gain, euria den egunetan 90 kilometro orduko abiadura beharrean 70 kilometro ordukoa ez gainditzea gomendatuko duten seinaleak ezarriko dituzte eta, Laudiorako norabidean, Luiaondotik errepiderako sarbidetik Gardeako lotunea bitartean, aurreratze maniobra debekatu.
Saratxoko saihesbidea
Inbertsioei dagokienez, 2014 urtean Saratxoko saihesbidea egiteko 20 milioiko inbertsioa abiatuko dela azpimarratu du Alicia Ruiz de Infantek, Herrilan eta Garraio Saileko foru diputatuak. Azkenik, Laudio eta Markijana bitarteko errepide tartea bikoizteko proiektua idazten hasiko direla iragarri du Aldundiak.