"Gure helburua euskara eta euskal kulturaren sustapena da, horretarako sortu dugu .eus domeinua"

Aitor Aspuru Saez 2013ko abe. 3a, 13:44

IRATXE ESNAOLA (Zarautz, 1981) informatika-ingeniaria da eta klaseak ematen ditu unibertsitatean. Gainera, .eus domeinuaren sustatzailea da. Horri buruz mintzatuko da bihar Amurrioko Udalbatza Aretoan 18:30ean Aiaraldea.com-ek antolatutako multimedia eskolen baitan.

 

Zein da .eus domeinuaren helburua?

IRATXE ESNAOLA (Zarautz, 1981) informatika-ingeniaria da eta klaseak ematen ditu unibertsitatean. Gainera, .eus domeinuaren sustatzailea da. Horri buruz mintzatuko da bihar Amurrioko Udalbatza Aretoan 18:30ean Aiaraldea.com-ek antolatutako multimedia eskolen baitan.

 

Zein da .eus domeinuaren helburua?

.eus ekimenaren asmoa da interneten euskara eta euskal kulturarentzat sinbolo bat sortzea. Sinboloa bera sortuta dago, .eus domeinua duela hilabete batzuk lortu genuelako. Baina sinboloaren azken helburua da ikusgarritasuna lortzea euskara eta euskal komunitateari sarean ikusgarritasun hori emateko. Eta bestetik bakoitzak ere sentitzea sinbolo bat duela, horren azpian kokatzeko.

Horrela esanda, apur bat abstraktua dela dirudi. Baina funtsean interneten beti erabiltzen da domeinua webgunetan edo posta elektronikoan.

Domeinu bakoitzak esanahi bat du, .com edo .org adibidez. Eta kontua da .eus helburu bat betetzeko dagoela. Euskaraz eta euskal kulturaz ari diren webguneek .eus erabiltzeko aukera izango dute eta beraz identifikatuko dira komunitate kide moduan.

 

Zein da zure ustez euskararen diagnostikoa interneten?

Gure aldetik kultura hitza erabiltzen dugu bere esanahirik zabalenean. Guk nahi dugun proiektuan jende guztiak, nahi duen guztiak bere burua kokatzeko aukera izan ahalko du, alegia.

Guretzat kultura ez da folklorea edo tradizioa, guretzat kultura da kirola, sektore akademikoa eta liburugintza, adibidez.

Esanahi zabala du kulturak eta horrek barne biltzen du kultura edo gizartearen baitan ematen den aktibitate oro.

Guretzat euskara eta euskal kulturaren komunitatean batetik, euskara oso bizirik dago sarean, txikia bada ere, hori egun berezi honetan esan behar dugu. Handia eta mundiala da zentzu horretan eta beraz badu .eus ekimenarentzako lekua.

Eta bestetik, euskal kultura bere esanahi zabalenean ulertuta webgune pila batzen dituen komunitatea da. Interneten oso presente dagoen komunitateari izena ematera dator .eus.

 

Zein izan da .eus-en ibilbidea urte hauetan?

Guk hasieratik esan genuen helburua zela euskara eta euskal kulturaren sustapena eta horretarako sortu behar zen .eus domeinua. Orain arte pasa izan dugun fasea izan da justu .eus domeinua lortzera bitartekoa.

Ekainean lortu genuen onarpena baina ekainera bitartekoa izan da 5 edo 6 urteko ibilbide luzea, non hasieran elkartea osatu izan behar genuen. Azken finean nik Iratxe bezala, euskaltzalea naizelako, ezin dut .eus domeinua eskatu.

Euskararen eta euskal komunitatearen domeinua da .eus eta komunitateak berak eskatu behar du. Lehenengo urratsa izan zen komunitatea nolabait artikulatzea. Eta horretarako elkartea sortu genuen hamaika ordezkarirekin momentu hartan: Euskaltzaindia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ikastolak, EITB, elkarte txiki batzuk... sartu ziren eta gero zabalpen fase batean sartu ginen. Guztira 58 elkarte txiki eta handi lortu arte.

Gero eskaria aurkeztu genion domeinuen esleipenaz arduratzen den erakundeari. ICANN izena duena. Nazioarteko erakundea da eta kultura nahiko estatubatuarra du.

Hori ere zailtasuna izan da ohitu izan behar garelako funtzionamendu horretara: gutxi gorabehera 50 galdera erantzun, gehi zati teknikoa eta ekonomikoa bideragarritasuna erakusteko eta bestetik gure helburuak aurkeztu ditugu. Eta gero hori ebaluatzeko dirua eman behar izan genuen.

Zorionez dena ondo atera zen eta ekainean lortu egin genuen. Gertatzen dena da hau guztia lehen fasea besterik ez dela.

Guretzat ibilbidea hasi besterik ez da egin nahiz eta orain arte ibilbidea luzea izan den. Tresna lortu behar duzu erabiltzeko. Azken finean, .eus erabiltzen ez bada ez du zentzurik sortzea eta orain dator benetako fasea.

2014ko udaberriarekin aurreikusten dugu .eus sarean ikusteko momentua. Hor dator benetako babesa erakusteko unea.

 

Zeintzuk dira orduan hurrengo urratsak?

ICANNekin kontratua sinatu behar dugu domeinuaren ardura jasotzeko. Baldintza batzuk bete behar ditugu horretarako. Horren ostean test teknikoa egin behar dugu erakusteko gai garela aurrera ateratzeko eta orduan martxan jarriko da.

Era berean, horrek behar duen komunikazio kanpaina prestatzen ari gara. Talde bat osatu behar da, nahiz eta irabazirik gabeko asmoa izan hemendik aurrera enpresa txikia balitz bezala funtzionatuko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide