LAB sindikatuak eskualde mailako manifestaldia deitu du gaurko, hilak 28, Laudioko Herriko Plazatik arratsaldeko 19:00etan, Aiaraldeak bizi duen langabeziaren gorakadaren aurrean protesta egiteko.
Langile Abertzaleen Batzordeek komunikabideei eskaini izan dioten prentsa-oharrean mobilizazio hau antolatzeko arrazoiak zerrendatu izan dituzte. Kezka adierazi dute, izan ere, Aiaraldean langabezian erregistraturik dauden pertsonen kopurua bikoiztu izan da azken bost urteotan, herririk populatu eta, hein batean, industrializatuenak direlarik lan suntsiketa nahiz langabetu tasa altuenak dituztenak (Laudio, Amurrio eta Urduña hurrenez hurren). Era berean, emakumeengan langabeziak duen zabalpen askoz handiagoa nabarmendu dute LABetik (Artziniega bezalako herrietan gizonen eta emakumeen langabezia tasen arteko ezberdintasuna 11 puntukoa da), euren esanetan, bai emakumeak eta bai etorkinak baitira lan-prekarietate maila handienak pairatzen dituztenak eta, ondorioz, lan suntsiketa zabalduena ere.
Bestalde, gobernu ezberdinek krisiaren arazoari aurre egiteko jarraitutako politikak salatu izan dituzte: “Eta honela gabiltza bost urte baino gehiagotik Madriletik inposatzen diguten politikei esker. Urrun dauden gobernuek ezarritako neurriei esker, baita hurbileko gobernuek egiten duten jarraipenari esker ere bai. Beti ere botere ekonomikoak ezarritako politikak direla argi izanda, behin eta berriro euren mozinak geroz eta gehiago handitzeko gizarteari esker.” Era berean nabarmendu dute botere ekonomikoek defendatzen duten eredua dela krisian dagoena.
Azkenik, eskualdean orain arte politika hauen aurrean aurrera eraman den erantzuna azpimarratu nahi izan dute, baita LABek politikoi aurre egiteko egin dituen proposamenak ere: EREak eta lan suntsiketa mugatzeko neurriak, lanaren sustapenerako neurriak (35 orduko astea, erretiro adinaren aurreratzea, aparteko orduen benetako desagerketa)…