Azaroaren 25 indarkeria matxista salatzeko nazioarteko eguna da. Indarkeria mota hau ez da inolaz ere arrrotza Aiaraldean, 53 salaketa eta hildako bat utzi baiditu urtarriletik hona. Herri guztietan ekitaldi sorta antolatu dute emakume taldeek eta udalek.
Azaroaren 25ean, astelehena, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzeak egingo dira Artziniegako Herriko Plazan (19:00), Laudioko Herriko Plazan (19:30), Orozkoko Zubiaur Plazan (19:30), Amurrioko Juan Urrutia Plazan (18:30) eta Okondoko Arenalde parkean (19:00).
Laudion udaletxeko fatxadan ikus daitezkeen argazki handiz osatuko erakusketa antolatu dute "Ez ezkutatu indarkeria matxistaren aurrean" lemapean eta artilez estaliko dituzte Zumalakarregiko eskailerak emakumeen aldeko sinbolo gisa. Horretaz gain, 26an zine-foruma izango da Lasalle Lanbide Heziketa Ikastetxean Solastiar elkartearen eskutik, 27an bikote harremanak eta dependentziaren inguruko hitzaldia eskainiko dute eta 28an, osteguna, ekintza desberdinen maratoia izango da Kultura Etxean: irudi eta autoestima tailerra, bioenergiari buruzkoa eta antzerki-terapia. Izena emateko eta haurtzandegi zerbitzua eskatzeko 944034850 telefonora deitu behar da.
Artziniegan ere, 25erako Zineforuma antolatu dute, Agua filma eskainiko dute herriko museoan. Okondoko eskolan, berriz, nerabeengan ematen den indarkeria matxistaren inguruko hitzaldia eskainiko dute 25ean. Orozkon ekimen gehienak azaroaren 30an gauzatuko dira. Egun horretarako azoka solidarioa eta indarkeria menperatu duten emakumeen testigantzak biltzen dituen hitzaldia prestatu dute.
Ekitaldi guztien xehetasunak agenda atalean eskuratu daitezke.