Datorren urtean abiatuko ditu Arabako Foru Aldundiak A-625 errepideko Saratxoko saihesbidearen eraikuntza lanak; ondo bidean 2016 urterako lanak amaitzea aurreikusten du foru erakundeak.
Hasiera batean Urduñako muga eta Saratxo arteko lanak abian jarriko dira, hiru kilometro guztira, teknikoki gunerik zailena dena. Behin zati hau amaituta Saratxotik amurriora doan zatiari dagozkion lanak jarriko dira abian.
Lanek bi fase
Hortaz saihesbidearen eraikuntzak bi fase izango ditu, momentuz lehen fasea onartu eta gero 2014an ekingo zaio eraikitzeari; oraindik ere gainontzeko 2,4 kilometroei dagozkien lanak zehaztu gabe badaude ere, ondo bidean, Arabako Aldundiak 2015 eta 2016 urteetan gauzatzeko asmoa adierazi du.
Adostasunik ez
Polemika handia eragin duen proiektua dugu saihesbidea, izan ere, Amurrioko Udalaren Lurralde Politiken Batzordeak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen duela gutxi, errotonden tamaina gehiegizkotzat jo eta Nerbioiko Parke Linealaren egitasmoari saihesbidearen ibilbideak kalte egingo liokeelako besteak beste. Saratxon bertan ere, herritarrek saihesbidearen kontrako jarrera adierazi izan dute askotan, Saratxoko Administrazio Batzarrak berak ere proiektu honek herriari eragiten dion kaltea deitoratu du.