Amurrio, Artziniega eta Laudioko 100 denda eta ostatutik gora elkartu dira Arabako Merkataritza Txarteleko erabiltzaileei %5 eta 10 bitarteko deskontuak eskainiko dizkien kanpainan.
Ohi bezala, salmentak sustatzeko ekimenean parte hartuko duten merkataritza-establezimendu guztiek kanpainaren bereizgarria izango dute atean jarrita. Kanpaina azaroaren 20tik 30era izango da indarrean eta Arabako Merkataritza Txartela erabiliaz egindako erosketatan soilik aplikatuko da. Epekako ordainketek, hala ere, ez dute deskonturik eragingo.
Amurrioko Apymca eta Laudioko Apill merkatari eta ostalarien elkarteek kudeatzen ari diren kanpaina honek eguberriaren bezperako erosketak aurreratzen dituzten erosleak sarituko ditu deskontu berezi hauekin, eta bide batez, tokiko merkataritza sustatu eta bultzatzeko ekimena ere osatuko du. Arabako merkataritza federazioak eta Rural Kutxak ere bultzatuko dute kanpaina.