Hainbat irteera, bisita gidatu eta hitzaldi antolatu dira azaroko asteburuetarako Orozkon eta Aiaran. Aiarako XIV. Jardunaldi Historikoen baitan, azaroaren 9an, larunbata, Negorta (Zuhatza) eta Ureta (Lanteno) eraikinak bisitatuko dira. Bertan, Juan Manuel González Cembellin historialariak toki horiek Erdi Aroko dorretxe edo jauregi errenazentistak izan ote ziren argituko du Arespalditzako udaletxetik abiatuko den ibilaldian.
Azaroaren 16, 23 eta 30ean ere hitzaldiak egingo dituzte Arespalditzan. Eusko Ikaskuntzaren “Asmoz” fundazioko zuzendari Luis Maria Zaldua Etxabek emango du lehenengoa, “Los seles: primitiva distribución territorial” izenburupean. Hilaren 23an, Juanjo Hidalgo García historialari eta arkeologoa “Yacimiento de Elexazar, nuevas aportaciones a la romanización de Aiaraldea” gaiaren inguruan arituko da. Azkeneko saioak gaztainaren historia izango du aztergai.
Orozkoko jardunaldiak
Bestalde, Orozko Museoak ondoko irteerak prestatu ditu: azaroaren 3an izotzaren industria ezagutzeko aukera egongo da eta “Adaragoikoko edo solobarriko nebereak” bisitatuko dira. Juanjo Hidalgo Auniako kidea izango da ekitaldiaren hizlari eta gidaria. Irteera 9:30ean izango da museotik.
Azaroaren 17an Orozkoko eta Gorbeiako paraje ezezagunetako bat bisitatzeko aukera egongo da: Aro Modernoan eraikitako zuhaitz-mintegi bi, Unibason eta Usabelen kokatuta daudenak. Lekua Orozko eta Baranbio herrien arteko mugan dago. Auniako Juanjo Hidalgok gidatuko du ibilaldia.Azaroaren 22an Orozkoko udaletxeko arkupeetako harrian zizelatuta dagoen neurri-patroia , zakuak neurtzeko erabiltzen zena, ikusteko parada egongo da eta “marragero” misteriotsuak ere ezagutuko dira. Felix Mugurutzak eskainiko du hitzaldia.
Azkenik, azaroaren 24an Blas de Otero poeta oinarritutako ibilbide literarioa egingo da haranean zehar. Hala, bertoko jai, ohitura eta sinesmenak ez ezik, burdinolen historia ere ezagutu ahal izango da. Saioa Blas de Otero Fundazioko Ibon Arbaizak zuzenduko du. Informazio gehiago lortzeko museora jo liteke.