“Heriotza pertsonengan bizitza egon dela adierazten duen sintoma da”. Hala dio Mario Benedeti idazlearen esaldi famatu batek. Bakoitzak, ordea, era ezberdin batean bizi eta hiltzen du mina.
Pertsonak agurtzeko era bat baino gehiago daude. Urteetan zehar, erlijioari lotutako hiletak izan dira nagusi eskualdean. Denborarekin, baina, ohiturak ere aldatzen ari dira. Horren adibide dira hileta zibilak. Laudion, esaterako, udalak areto bat du herritarren eskura halako ospakizunak egiteko.
Eusebio Larraz tanatorioko arduradunaren aburuz, hilotzen %50 lurperatu egiten dira, eta besteak erre. Laudion, Amurrion eta Arrigorriagan tanatorio bana kudeatzen du Larrazek. Hala, Urduña, Artziniega, Okondo, Aiara, Amurrio, Laudio, Arakaldo, Orozko eta Arakaldoko herritarrei hileta zerbitzua eskaintzen die. Aiaraldean, urtero, 500-600 errauste edo ehorzketa egiten direla dio.
Agurtzeko erak“2004tik errausketak asko igo dira, geroz eta jende gutxiago doa hilerrietara”, adierazi du. Izan ere, geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari da beilatokietan edo familiak aukeratutako lekuetan agurtzea zendua: “Duela urte batzuk hileta egiten zen, eta gero lurperatu”.
Batzuek, mendia edo itsasoa aukeratzen dute. Beste batzuek, eliza. Elizkizunetan ere, ordea, joerak aldatzen ari direla uste du Larrazek: “Hileten %50 gorpua presente egon gabe egiten da. Niri pertsonalki hobe iruditzen zait; hilotza bertan egotea familia eta lagunentzat oso gogorra delako”.
Gorpuak beti makilatzen dituzte; “inork ikusi nahi ez dituenean ere bai. Ez da gorputza kaxan sartzea bakarrik”. Izan ere, odol zirkulazioa etetean gorputzak kolore zuria hartzen du. Bataz beste beilatokietan 2.500 euro uzten dute familia edo lagunek. Kaxa motaren arabera, ordea, aldatu egiten da prezioa. Gorputza erretzeak 450 euro balio du: “Baina kaxa baten barruan erretzen da, eta ondoren errautsak beste ontzi batean sartu. Bakoitzak bere erara egiten du. Batzuk kutxa argiak nahi dituzte, besteek ilunak… Propaganda, eskelak, loreak... ere mota askotakoak izan litezke. Horregatik, hileta bakoitza ezberdina izaten da”.
Errausten baldin bada prozesua azkarrago bukatzen da; nahi dutena egin baitezakete horrekin: mendian, itsasoan, etxean… bota edo gorde. “Lurperatzea erabakitzen dutenek hilerrian jabegoa izan behar dute, eta ez da betirako izaten. Asko alokairuzkoak dira, beraz, 10-12 urte pasa ostean nitxoa hustu behar da. Prozesua ez da inoiz bukatzen”.
Hala ere, Larrazentzat psikologikoki ez gaude inoiz heriotza bat jasateko prest: “Gaixotasunen kasuan prestatuago egon zaitezke, baina istripu edo haurrak direnean -alegia, bat-bateko heriotzak- oso gogorra izaten da”.
Aiaraldeko tradizioakHeriotzarekin lotutako tradizioen inguruko eskualdeko erreferentziak XVIII. mendekoak dira. Bat-bateko heriotzen aurrean hilarriak jartzen ziren. “Gorbeian, Orozkon, Laudion... daude horietako batzuk. Hortik pasatzen zen jendeari otoitza eskatuz arima hori behar den tokira eramango zutela pentsatzen zuten”, dio Felix Mugurutza historia ikertzaileak.
Hildakoak kanpai hots berezien bidez iragartzen zituzten. “Pertsona bat hiltzen zenean familien baserrietan bazkariak egiten ziren. Jende asko gosea kentzera joaten zen, behiak... hiltzen ziren eta”, zehaztu du. Gabonetan hildakoei janaria uzten zitzaiela ere azaldu du.
Oletan, Erdi Aroan erritualak egiten ziren. Urduñan Sopeñako Errege Bideari lotuta, esaterako, hiru trikuharri daude; Lendoño, Oleta eta Añes inguruetan. “Hortik pasatzen ziren bidaiariei hor hildako bat zegoela erakusteko eta bere alde jendeak otoitz egiteko jartzen ziren”. Eskualde osoan, linboak ere ohikoak zirela dio Mugurutzak. Umeak jaiotzetik bataiatu arte ez zirenez kristauak ezin ziren ohiko erritualen baitan agurtu. Horregatik, linboetan lurperatzen zituzten: “Lur zati borobil batzuk ziren, bi teilaren artean jartzen zituztenak. Horrela adierazten zen ume horiek etxea zutela”.
Erlijiotik harago, ordea, sinismenek ere markatu dute heriotza bizitzeko era. Adibidez, txakurrek arrazoirik gabe zaunka egitea heriotzaren seinale zela uste zen. Horren kontra sutara gatza botatzen zuten. “Oilarraren kukurrukua gau erdian entzuteak ere norbait hil zela esan nahi zuen. Kasu horretan oilarra hurrengo egunean hiltzen zuten, heriotzari deika zebilkiolakoan”. Euli beltzek ere heriotza edo zorte txarra zekartela sinisten zuten. Erleak, aldiz, ona. Horren adierazle da jendea hiltzean argizaiolak egiteko joera. Antzerakoa gertatu da txantxangorri eta txepetxekin: “Txepetxek heriotza zekartela uste zuten. Horregatik baserritarrek habiak apurtzen zituzten”.