ERREPORTAJEA: Frackingaren labirintotik ateratzeko koordenatuak

Aitor Aspuru Saez 2013ko urr. 27a, 00:48

Nahiz eta frackinga edo haustura hidraulikoaren teknika oraindik Aiaraldera praktikan ez den heldu, bere oihartzunak eztabaida ugari piztu ditu hainbat herritan. Ez da harritzekoa Gobernu Espainiarrak dagoeneko eskualdean bi baimen onartu dituela aintzat hartzen bada; Mirua eta Usapal proiektuak, hain zuzen ere.

“Nahiz eta frackinga edo haustura hidraulikoaren teknika oraindik Aiaraldera praktikan ez den heldu, bere oihartzunak eztabaida ugari piztu ditu hainbat herritan. Ez da harritzekoa Gobernu Espainiarrak dagoeneko eskualdean bi baimen onartu dituela aintzat hartzen bada; Mirua eta Usapal proiektuak, hain zuzen ere.

Baimen horiek Arabako hiru herri hartzen dituzte haien baitan; Amurrio, Aiara eta Artziniega, hurrenez hurren. Mirua eta Usapal baimenak 2008an onartu ziren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren emaitzen zain daude jasotzen dituzten lanak abiarazteko.  Hala ere, gatazka gehiago sortu ditu orain arte Eusko Jaurlaritzak emandako Saia baimenaren harira egindako frogak. Printzipioz, Saiak gas arrunta ustiatzeko balio du. Berez, ekainean egindako ikerketek ez dute haustura hidraulikoa erabili. Froga sismiko soilak izan dira. Dena den, herritar anitz agertu ziren Tesla enpresak Orozkon, Arrankudiaga-Zollon, Arakaldon, Laudion eta Aiaran egindako lanen aurka. Arrazoia Iker Fiallegas Fracking ez Aiaraldeako kideak azaldu du: “Saia baimenaren eskubideen jabea SHESA da eta enpresa hau Energiaren Euskal Erakundearen menpe dago. Nahiz eta Saia baimenak frackinga egiteko ez duen balio, egin diren ikerketen emaitzak haustura hidraulikoa abian jartzeko baimena lortzeko balio dezakete”.

 Horrelako adierazpenen aurrean, SHESAk zein Energiaren Euskal Erakundeak behin eta berriro esan dute Saia baimenaren eremuan haustura hidraulikoa egiteko asmorik ez dutela. Hala eta guztiz ere, Iker Fiallegasek kontrako iritzia du: “Mirua eta Usapal baimenak eskatu baditu SHESAk, zergatik ez du beste bat eskatuko eskualdean?”     Tokiko erakundeen jarreraDuela urte bat baino gehiago Fracking Ez Arabak mozio kanpaina hasi zuen. Aurkarien artean dagoen talde ospetsuenaren helburua udalek bere oposizioa erakustea da. Horrela, Araban zein Bizkaian hainbat udalerrik “Frackingik gabeko herriak” aldarrikatu dituzte bere buruak. Eskualdean, Aiaran, Okondon, Arrankudiaga-Zollon, Orozkon, Urduñan eta Amurrion onartu da testua. Kasu batzuetan adostasun zabala lortu du mozioak. Adibidez, Orozkoko talde politiko guztiek alde bozkatu zuten. Beste batzuetan testua onartu ez ezik herriko sarreretan haustura hidraulikoaren aurkako errotuluak jarri dituzte, Amurrion kasu.Artziniegan eta Arakaldon mozioak ez dira oraindik landu. Laudioko kasua berezia da. Bi aldiz aurkeztu da mozioa eta lehenengo aldian ez zen onartu, Bilduk eta Omniak bakarrik bozkatu egin zuten testuaren alde. Bigarrenean, PSE-EEk eta EAJ-k testu bat gehitu zioten ingurumen aldetik berme legalak eskatzeko.


Baimenen ahalmena

Frackingaren aurkako mozioen balioa sinbolikoa da, udalek legalki ez baitute eskumenik. Interes orokorraren menpe dagoenez, haustura hidraulikoaren inguruko erabakiak ez dituzte udalek hartzen. Mirua eta Usapal baimenek erkidego ezberdinetan eragiten dutenez -Kantabrian, Burgosen, Gaztela eta Leonen, Nafarroan eta Euskadin- Gobernu Espainiarrak du azkenengo hitza. José Manuel Soria Industria Ministroak maiz erakutsi du PPren gobernua teknika horren erabileraren alde dagoela. Alderdi Popularrak duela gutxi adierazi du haustura hidraulikoa errealitatea izango dela. Hitz horiek erkidego ezberdinen legebiltzarretan onartu diren legeei zuzendutako mezua dira. Kantabriako eta Nafarroako gobernuek frackingaren aurkako legeak jaso dituzte. Errioxan aurrerapausoak eman dituzte bide berdinetik.Euskal Autonomia Erkidegoan herri ekimen legegilearen aldeko sinadura bilketa egin zen eta Legebiltzarreko Mahaiak atzera bota zuen otsailean, Naturaren Babeserako Legearen aldaketa bozkatu behar zutela argudiatuz. Fracking ez Arabak oso jarrera kritikoa azaldu du horren inguruan eta salatu du pasa den astean onartutako lege aldaketan ez dagoela haustura hidraulikoari buruzko aipurik.Gauzak horrela, saiakera berria egingo du plataformak alderdiek horrelako legea bozkatu dezaten. Frackingaren aurkako taldeek, beraz, laster ekingo diote sinadurak biltzeari. Bestalde, urriaren 19an, frackdown Egunean -Nazioarte mailan haustura hidraulikoaren aurkako mobilizazio egunean- Kuartangon teknika horren inguruko herri-galdeketa gauzatuko da. Gobernu Espainiarrak udalaren iniziatiba debekatu eta gero kontzejuen ideia izan da hori eta asmoa HAPNaz baliatzea da frackingaren debekua sortzeko helegitearen bidez. Galdeketaren harira, Kuartangoko udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu. 

Froga sismikoak

 Azaldu dutenez, Saia baimenak jasotzen dituen froga sismikoek eragindako erreakzioa ez da soilik  mobilizazioen bidez adierazi. Energiaren Euskal Erakundeak ekainaren 21ean argitaratutako oharrak Orozkoko aldean egindako sabotaiak kalte ugari sortu zituela adierazi zuen. Juan Cruz Vicuña SHESAko lehendakariak mahai-inguru batean parte hartu behar zuen egun berean Orozkon Fracking ez Araba eta Aiaraldeako kideekin eztabaidatzeko, baina ez zen joan. SHESAk froga sismiko guztiak egin gabe bukatutzat eman zituen lanak, Zeberion edo Galdakaon, besteak beste, ez zituen egin eta.


LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide