"UEFAk onartu du Gibraltarrek ofizialtasuna izatea, zergatik Euskal Herria ez?"

Aitor Aspuru Saez 2013ko abu. 5a, 13:50

TXIKI KALERO (Oiartzun, 1951) ESAITek antolatzen duen mendi ibilaldiaren koordinatzailea da. Laster Aiaraldetik igaroko da ibilaldia eta elkartearen helburuen inguruan mintzatu da.

 

Zer da ESAIT eta zeintzuk dira bere helburuak?

Betidanik zenbait kirolarion buruan izan dugu amets bat: zergatik ez Espainiarekin edo Frantziarekin lehiatzea? Noiz helduko da garaia Euskal Herriarekin parte hartzeko?

TXIKI KALERO (Oiartzun, 1951) ESAITek antolatzen duen mendi ibilaldiaren koordinatzailea da. Laster Aiaraldetik igaroko da ibilaldia eta elkartearen helburuen inguruan mintzatu da.

 

Zer da ESAIT eta zeintzuk dira bere helburuak?

Betidanik zenbait kirolarion buruan izan dugu amets bat: zergatik ez Espainiarekin edo Frantziarekin lehiatzea? Noiz helduko da garaia Euskal Herriarekin parte hartzeko?

Beti egon da hori eta duela 16 urte edo elkartu ginen zenbait lagun eta pentsatu genuen egokia litzatekeela iritzi taldea sortzea, kirolaren munduan.

Horrela jaio zen ESAIT -Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea- eta gure lana da mezua zabaltzea eta jendearekin partekatzea guk dauzkagun ideiak, edo nola ikusten dugun gai hau edo zer egin behar den.

16 urte hauetan ibili gara leku batetik bestera, hitzaldiak ematen, edozein ekitalditan parte hartzen... eta beti helburu berdinarekin: ofizialtasuna. Eta ez futbolean bakarrik, beste arloetan ere zenbait partidak jokatzen dira baina beti lagunarteko historiak dira.

Iruditzen zaigu garai batean horrek bere lana bete duela baina hori historiko bihurtu da eta momentu honetan ez da nahiko itxurazko gauzak egitea eta beste partida bat jokatu behar dugu, ofizialtasunaren alde pausu pratikoak ematea.

Horretarako ESAITek urtean zehar antolatzen ditu ekimen ezberdinak. Bata da mendi ibilaldia.

 

Zein da ibilaldiaren historia eta nola erabaki zenuten Aiaraldea zeharkatzea?

Mendi ibilaldia duela 13 urte hasi genuen. Beste edozein ekimen bezala. Hasieran gure asmoa zen urte beteko historia bat egitea baina oso ondo atera zen, jendeak eskatu zigun, baloratu genuen eta iruditu zitzaigun merezi zuela aurrera jarraitzea.

Badaude bi edo hiru gauza buruan ditugunak. Bata da Euskal Herrian zehar izan behar dela, beraz benetako Euskal Herriko mugal hartzen ditugu. Adibidez pasa den urtean Bidaxunetik abiatu ginen. Bidaxune da Frantzia eta Euskal Herria artean dagoen azken herrizka.

Aurten Lanestosatik aterako gara. Lanestosa da Bizkaia eta Kantabria artean dagoen beste herrixka bat. Euskal Pirinioak ere egin ditugu, edo Euskal Kosta... beti adierazi nahi dugu ez gaudela "País Vasco" edo dena delakoa, baizik Euskal Herrian. Sasi-mugak ez ditugu onartzen.

Bestalde, lehentasuna ematen diogu bide ezezagunak egiteari. Urtero ibilbidea ezberdina da, aldatzen dugu eta ahal badugu bide markatutak baztertzen ditugu eta garai bateko bideak berreskuratzen ditugu edo txoko eta paisai bereziak bilatzen ditugu. Beti ez dugu lortzen, gero eta zailagoa da menditik eta bidezidorretik joatea.

Denboraren poderioz ohartu gara Mendi Ibilaldiak lortzen duela aldarrikapena eramatea baina beste helburu batzuk ere betetzen dira: euskaldun giro jator batean oporrak egitea, oso merke izaten da laguntzak ditugulako eta diru horrekin ezinezkoa izango litzateke horrelako zeharkaldiak egitea. Eta bukatzeko, Euskal Herriko puntu ezberdinak ezagutzea.

Behin bakarrik igaro gara Enkarterritik eta pendiente geneukan. Guretzat erraza da Hernanin edo Goizuetan hau antolatzea, baliabide guztiak eskura ditugulako.

Berriz, Lodosara edo Bidaxunera jotzen baduzu zailagoa. Baina iruditzen zaigu aldarrikapen hori Euskal Herriko bazter guztietara eraman behar dela.

Aurten erabaki genuen Enkarterri zehartkatu behar genuela eta egingo dugu Lanestosa-Ambasaguas-Turtzioz-Zalla-Laudio. Hemen autobusa hartuko dugu eta Hazparnera joango gara. Iparralden beste lau etapa egingo ditugu: Hazparne-Canbo-Senpere-Urruña eta Irunen bukatuko da.

 

Zer nolako babesak izan dituzue Aiaraldean momentuz?

Ikusiko dugu, printzipioz zoragarria izan da, ate guztiak zabalik izan ditugu, talde bat osatu da Laudion ongi etorria antolatzeko, abuztuaren 6an iristen garenean igerilekua parean badago deialdia nahi dutenak gurekin etortzeko eta gero ekitaldia egingo da. Udal babesa jaso dugu, mozioa onartu da, eragile pila bat atxikimendua eman digute eta beraz gure ustez polita izango da. Eta ez Laudion bakarrik, Okondotik igaroko gara eta harrera egingo digute, Zallan ere... Egia esanda leku guztietan harrera egingo digute nahiz eta abuztuan izan. Berotasuna, eta ez eguzkiarena bakarrik, jendearena, oso polita da.

 

Kirolariak mugitzen zarete bakarrik ESAIT barruan?

Ez, hau ez da kirolarien arazoa bakarrik, edo politikariena. Jende askok laguntzen du, nahiz eta kirolaria ez izan.

Gizarteak duen arazoa da hau. Urratu dioten eskubidea baita. Eta lortzeko gizarteak berak egin behar du. Bakoitzak bere arloan lan egin behar du, baina ez da ez dakit zeinen arazoa.

Zorionez gero eta jende gehiago gehitzen da proiektu honetara. Erabakia politikoa izan behar da eta politikoak mugiarazteko edo bere jarrerak aldatzeko bultzadak behar dituzte. Eta hori da gure lana.

 

Ofizialtasunaren bidean zeintzuk dira oztopoak?

Jendeak ez daki eta pena da. Garai batean izan dugu Euskal Herriko Selekzio gisa mundu mailan lehiatzeko aukera. Herri kirolak dela, surfa dela... zenbait arlotan egon da partehartze hori.

Zer gertatu da? Espainia jakinaren gainean dagoenean eragozten duela. Eta barregarria da gehienbat herri kirolen kasuan. Mucian zeozer egingo dute eta errespetua zor diogu. Bai Euskal Herrian herri kirolak ditugu eta zerbait gurea da.

Espainiak zer egin zuen? Federazioa sortu eta orduan Espainiaren izenean lehiatu behar ziren eta gu kanporatuta izan ginen.

Aukera badago, falta dena da borondate politikoa. Hori badago, ofizialtasuna lortu daiteke.

Eta zenbait jende nahastuta dago eta pentsatzen du independentzia lortzen ez den bitartean ezinezkoa izango dela gure selekzio propioa izatea. Ez du zergatik horrela izan behar.

Aitzakia moduan esaten dute nazioarte esparruan eskatzen dela federazio bakoitzeko estatu bat. Baina hori ere gezurra da. Eskozia hor dago. Eta Eskozia bezala badaude zenbait adibide. Azkena da UEFAk onartu duela Gibraltarrek ofizialtasuna izatea.

Espainiarrek eta ingelesek hor daude gatazketan eta hala ere ez da oztoporik izan ofizialtasuna eskuratzeko. Zergatik Euskal Herria ez? Hemen badago herri bat, kultura, nortasuna, nahia...

Badaude horrekako urratsak emateko behar diren baliabideak, zer behar da orduan? Kalean edo udaletan dagoen adostasunak eta batasunak islada behar du.

Islada hori eman behar da legebiltzarretan eta abertzale sentitzen diren horiek zerbait amankomuna egin behar dute.

Egia da helburuan ados egon zaitezkeela baina gero hori kudeatzeko kontraesanak azalaratu daitezkeela. Baina nahiko da. Hainbeste urte pasa eta gero eta beste aro politikoan omen garenez, bada garaia batera bidea egiteko. Eta hori da guk planteatzen duguna.

Juridikoki ahal da, federazioak erakunde pribatuak dira eta kudeaketa propioa daukate. Behar da politikoek bidea hartzea eta ez egun batetik bestera egitea. Baina bihar bertan hasi gintezke Euskal Federazio Nazioanala sortu eta zazpi herrialdeen artean txapelketak antolatzen. Hori ere ez da egiten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide