Frackingaren aurkako hainbat taldek adierazi dute TESLA enpresak ez dituela ikerketa sismikoak bukatu protestak herrikoiak direla eta. Aurkariek jakinarazi dute enpresak 6 ibilbide egin behar zituela SAIA baimenaren eremuan eta gehienez erdia egin duela.
Aurkarien artean Laudio eta Arrankudiaga-Zolloko herritarrak egon dira. Haien ustez TESLAk helburu guztiak ez betetzea herri mugimenduaren lorpena izan da. Haustura hidraulikoaren aurkako bozeramaileek azaldu dute SAIA baimenaren ikerketen harira sortu diren protestatan asko garatu dela mugimendua eta Orozkon zein Laudion eta Aiaran eman diren mobilizazioak aipatu dituzte eredu gisa.
Borroka ez da bukatu
Nahiz eta garaipen horren berri eman duten, aurkariek aurreratu dute SHESAk putzu esploratorioa egiteko asmoa iragarri duela eta beraz, borrokak jarraituko duela. "Guk ere lanari ekingo diogu. Informazio gehiago zabalduko dugu, frackingak eragiten dituen kalteak jakinaraziko dizkiogu gizarteari eta bide batez SAIA baaimenak ekarri ditzakeen arriskuak plazaratuko ditugu. Gure helburua da hurrengo mobilizazioetan gehiago izatea eta SHESAren asmoei aurre egitea" esan dute Frackingaren aurkako ekintzaileek.
Hurrengo hitzordua Gorbeian
Haustura hidraulikoaren mugimendua osatzen duten hainbat plataformek uztailaren 31n elkartuko dira Gorbeian 12:00etan. Bertan kontzentrazioa egingo dute.