Udako solstizioa ospatzeko hamaika ekimen antolatu dira eskualdean

Txabi Alvarado Bañares 2013ko eka. 20a, 17:46

Asteburu honetan da udako solstizioa; eta, horregatik, mota askotako festak antolatu dira Aiaraldean zehar.

Artziniega eta Orozkon ostiralerako egitaraua

Asteburu honetan da udako solstizioa; eta, horregatik, mota askotako festak antolatu dira Aiaraldean zehar.

 Egitarau sortaren lehen alea Artziniegan ereingo da, bihar; Builaka perkusio taldeak antolatutako Agrorave-aren hirugarren edizioa izango baita. Festari arratsaldeko zortzietan emango zaio hasiera, herrian zehar ibiliko den batukadarekin. Hijos de tu Iglesia, Itziarren semeak eta Meter funk & Herriko Sound System  taldeen kontzertuak egongo dira gero, 23:30etatik aurrera. Artziniega Museoak ere bere alea jarriko du egun horretan, 20:30etatik aurrera kalejira, sua eta odoloste dastaketa egingo baitira museoan bertan. Orozkon ere ekintza bat prestatu du Olgetan taldeak: Tokiko eskupilota txapelketaren finala, 17:30etan frontoian izango dena.

 Biharko aurreikusita dauden ekintza bakarrak Artziniegako festa eta Orozkoko partida izango diren arren, larunbatean festa eskualdeko beste hainbat txokotara zabalduko da.   Orozkon, ostiraleko egitarauari jarraipena emanez, “gama altuko autoen erakusketa” ikusteko aukera egongo da, OMEren eskutik, Eskola inguruetan 9:00etatik 12:00etara. 10:00etatik 14:30etara herriko produktu eta artisautza azoka egongo da eta 11:00etan frotoira hurbiltzen denak pala eta frontenis txapelketetako finalak ikusteko aukera izango du. Eguerdi partean herriko txakolin eta produktuen dastaketa egingo da Plazan, Bizkairgane Upategiaren eta Orozkoko Udalaren eskutik. 20:30etan emango zaio bukaera eguneko egitarauari, Agate Deuna eta Gaudeamus Hodie abesbatzen eta Urduñako Koral Elkartearen partez.

 Amurriok, bere aldetik, energia berriztagarrien Aresketamendi parke tematikoaren ate-irekien eguna izango du, eta horretarako egun osoko egitaraua du prestatua parkeak. 11:00etatik 14:00etara bisita gidatuak egingo dira, globo aerostatikoan ibiltzeko aukera egongo da, puzgarri eta  egurrezko joko erraldoiekin batera. Hortaz gain, txosna egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Eguerdiko hamabietan Amurrioko Udal Musika Eskolako Banda Txiki-ren kontzertua egongo da; eta, ordubete geroago, Big Band-ena.Azken kontzertu honekin batera txistorrada egingo da, eta 14:30etan bazkaria. Bazkarian parte hartzeko tiketak bertan eskuratu ahal izango dira. Aresketamendira busez igotzeko aukera egongo da, 11:00etatik 14:00etara herriko gasolindegitik. Jeisteko aldiz, 17:00etatik 19:00etara egongo dira busak.

 Jeisteko busa ordu horretan hartzen dutenek aukera izan dezakete Laudiora joateko, arratsaldeko zortzietan emango baitzaie hasiera San Joan Astobitzako jaiei, Larrazabal Auzoan. San Joan Astobitzako Krossaren VIII. edizioa izango da lehen ekintza. Krossean parte hartzeko aurretik (3 euro) edo egunean bertan (5 euro) eman daiteke izena. Lasterketaren ostean, gaueko hamarretatik aurrera, Esne Potak, Txapelpunk eta Bad Sound System taldeek joko dute.

 Jaiari igandean emango zaio jarraipena. 19:00etan umeentzako jolasak izango dira eta handik ordu erdira Kun-kun batukada herritik baselizara abiatuko da. 21:00etan Nahasiak taldearen kontzertua egongo da, eta handik ordu batera piztuko da San Joan bezperako sua. Txokolatada eta Ez dek giro taldearen erromeriarekin emango zaio bukaera egunari. Astelehenean, aldiz, ziza-dastatzea egongo da Laudioko Mikologi Taldearen eskutik, Andere abesbatzaren emanaldiarekin batera. Intxarkundia Dantza Taldearen ikuskizunarekin emango zaie buekaera jaiei.

 Laudio, baina, ez da izango San Joan bezpera ospatuko duen herri bakarra, Okondo, Arakaldo eta Orozko ere batuko baitzaizkio. Azken herri honetan ostiraleko eskupilota finalen jarraipenarekin hasiko da eguna, toki eta ordu berean. 21:30etan Haitzama taldearen erromeria egongo da, Zubiaur Plazan. Festa Hegoaldera mugituko da gero, bertan erreko baita Pirulo eta bertatik ikusi ahal izango baitira su artifizialak. Gero, Haitzama taldeak jotzeari ekingo dio berriz, egunari bukaera emanez. 

 Okondon 19:30etan haurrentzako jolasak egongo dira, eta 22:00etan piztuko da sua. Handik ordu erdira kalejira, akelarrea eta txokolatea egongo dira; eta, bukatzeko, jaia.

 Arakaldon, aldiz, arratsaldeko seietan bustingintza tailerra egongo da eta handik hiru ordura, gaueko bederatzietan, piztuko da sua. Patata tortila, txorizoa eta txokolatea dastatzeko aukera egongo da, egurra errauts bilakatu artean. 

Murgan, Lantenon eta Orbekon ere

Laudion bezala, Murgan ere hiru eguneko egitaraua dute prestatua solstizioaren aitzakipean. Larunbatean herri bazkaria egongo da 14.30etan, tute txapelketa 17:30etan, puzgarri eta umeentzako jolasak 18:00etan, odoloste jana 21:00etan eta, bukatzeko, berbena, gaueko hamarretatik aurrera.

 Igandean ere, antzeko eskema: igel txapelketa 18:00etan, puzgarriak eta jolasak 19:30etan, 21:00etan txokolatada eta handik ordubetera sua.  Astelehen arratsaldean briska txapelketa (17:00etan) eta puzgarriak.

 Lantenon ere sua pizteko asmoa dute, eskoletan. 20:30etan Carabi baraba, cuentos de risa ikuskizuna egongo da; sua, aldiz, handik ordubetera, Korapilo txarangak lagunduta.

 Laudioko Gardea auzoko industriagunean kokatua dagoen Orbeko Etxean ere sua piztekoak dira, baina bihar. Gizarte zentro okupatu horren 12. urteurrenaren harirako egitarauaren baitan kokatu dute ospakizuna. Suarekin batera keimada eta txokolatea eskainiko dute antolatzaileek, eta The Jesus Grip bakarlariaren kontzertua eta bakarrizketak egongo dira gero.

Hauspoa eta Amurrioko Gazte Asanblada                                                                                                                                              Amurrion ere egongo da San Joan bezperako suaz gozatzeko aukera, Hauspoa eta Gazte Asanbladaren eskutik. Bi talde horiek sendabelarren bilaketarekin emango diote hasiera iganderako planteatua daukaten egitarauari. Bilaketa plazatik abiatuko da arratsaldeko bostetan. Zazpietan txorizo eta sagardo dastaketa egongo da plazan, eta informazio puntu bat ere jarriko dute antolatzaileek. Sua gaueko hamarretan piztuko dute, San Antonen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide