Mediterranear landaretza Aiaran

Erredakzioa 2013ko eka. 8a, 09:01

Naturayala blogak Aiaraldeko landaretzaren inguruko beste sarrera bat argitaratu du:

"Gorobel mendizerratik iparralderuntz jeisten diren erreka eta ibaiak karearri gogor multzo betekin topatzen dira, “Garateko karearriak” deitua. Multzo honek Saratxo gaineko Burubio menditik Erretes Tudelakoa gainean altxatzen den Montenegroraino doan mendixka lerroa osatzen du, tartean Babio, Peregaña eta Zaballa hartzen dituelarik.

Naturayala blogak Aiaraldeko landaretzaren inguruko beste sarrera bat argitaratu du:

"Gorobel mendizerratik iparralderuntz jeisten diren erreka eta ibaiak karearri gogor multzo betekin topatzen dira, “Garateko karearriak” deitua. Multzo honek Saratxo gaineko Burubio menditik Erretes Tudelakoa gainean altxatzen den Montenegroraino doan mendixka lerroa osatzen du, tartean Babio, Peregaña eta Zaballa hartzen dituelarik.

Mendi hauek zeharkatzerakoan, ur korronteek  zintzurrak  sortu dituzte. Hala, Saratxon Atxondo eta Karduras-ko arroilak ditugu, edo Erbikoa, eta Erretes Tudelakoa.

Arroila  hauen magaletan, argazkiko Erretes Tudelakoa kasu, normalki hegoalderago aurkitu ohi den baso mediterranearraren  arboladiak agertzen dira. Gure eskualdeko benetazko harribitxi  botanikoa.

Baso mediterranearra, udan agorraldia izan ohi duen klima honi egokitutako zenbait espezie hosto iraunkorrez osatuta dago, bereizgarriena artea (Quercus ilex) delarik. Penintsulako kantauriar isurialdean, klima atlantiarra izaki, baso mediterranearra udan nolabaiteko lehortea jasatzen duten, eguteran dauden eta gutxi garatutako lur rakitikoak dituzten eremuetan ageri ohi da, kareharriei loturik batez ere.

Zintzur hauetan, landaredi honen garapena errazten dituzten  baldintzak  ematen dira: malda handiko magalak, lur gutxi eta ura apenas gordetzen dutenak, hegoalderako orientazioak eta izotzak epeltzen dituzten haize korronteak. Horregatik, inguru malkar hauetan izotzak urriagoak izaten dira ibarren hondoetan baino.

Erretes Tudelakoan zintzurran, Artziniegako udalerrian, landaredi honen eremu zabala agertzen da. Oso garaia eta itxia den sasi multzo batek osatzen du: gurbitza (Arbutus unedo), erramu arrunta (Ligustrum vulgare), garratz edo gartxua (Phyllirea latifolia) eta txorbeltza (Rhamnus alaternus). Zuhaitz handiagoen oinak, artearena  bezalakoak, urriak dira, ziur aski duela hamarkada batzuk gertatutako suteengatik. Bereizgarriak dira ere basoa itxi eta sartuezina bihurtzen duten landare igokariak. Endalarrak (Smilax aspera, Aiaran “zarzabruja” deitua) sortutako “kortinak” dira, argi bila enborretatik igoz, basoari nolabaiteko kutsu subtropikala emanik.

Arroila hontan bere bakantasunagatik eta arrarotasunagatik bi espezie nabarmentzen dira Euskal Herri kantauriarran. Bata gogortxua da (Viburnum tinus), negu amaieran eta udaberri hasieran loratzen den zuhaixka apala. Bere kopa itxurako lore zuriek fruitu beltzak ematen dituzte.

Gogortxua banaketa mediterranearra duen landarea da. Euskal Herriko kantauriar isurialdean urriak dira bere aipuak: Gipuzkoako Debako bailaran, Bizkaian Kanalako irlan, Urdaibain, eta hemen, Erretes Tudelako arroilan. Mendebalderago, Menako bailaran agertzen da ere, baina berriz aurkitzeko Santander aldera jo beharko dugu. Hegoalderuntz, kokapenik hurbilena Angoston dugu, Valdegobian, Tumecillo ibaiak irekitako zintzurran.
Bestea zuhaitza bat da, lizarkia edo otsa lizarra da, (Fraxinus ornus) submediterranear banaketa duen landarea, batez ere Cuencan eta Penintsulako ekialdean hazten dena. Erretes Tudelako populazioaz gain, penintsulako iparrean beste aipu gutxi daude, Badaiako ekialdeko magaleko Okako arroila kasu, Hueto Arriba-n, edo Oñako zintzurrean, Burgosko Merindadeetan.

Populazio hauen jatorriaz zalantzak daude, lore ikusgarriak dituen zuhaitz txiki hau erabilia izan baita lorazaintzan. Edozein modun EAE-ko Flora Baskular mehatxatuaren zerrenda gorrian sartuta dago, Erretes Tudelako elizaren ondoan arte eder bat aurkitzen da. Elizaren kokapena ezinhobea da, azpian ehundaka metro dihoan zintzurra gainetik gailenduz. Elizaren oinarritik gertu, brontze aroko aztarnategi arkeologikoa gordetzen duen elizako kobazuloa dago, Armando Llanos, Jose Antonio Ruiz Escudero eta Felix Murgak “Estudios de Arqueologia Alavesa” aldizkariko III tomoan (1968) dokumentatu zutena. Erretes Tudelako ertaroko herriak eta bere inguruak ere, bisitaldia merezi dute zalantzarik gabe."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide