Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea:
Ez da erraza esplikatzen nola demontre iritsi garen honaino. Azalpenen bat eman beharko nizueke, akaso, baina ez nuke jakingo nondik hasi, ezta aurrera nondik jarraitu ere. Gainera, eta, seguru nirekin ados zaudetela, etengabe azalpenak ematen ibili beharra denik eta gauzarik nekagarriena da. Eta hori gutxi balitz, askotxo izaten dira narratzaileak egiten dituen injustizia latzak iragana berregiten duen bakoitzean, beti bera izan dadin ederrena, argiena, altuena, azkarrena, ile horiena eta abar eta abar.
Horrexegatik ez dizuet azalduko zer demontre egiten dugun gu hirurok etxe berean batera bizitzen. Izan ere, istorio kiribil honetan, ekuazio aldrebes honetan, ni bainaiz interes gutxien duena, itsusiena, zabarrena, baxuena, ergelena, ile urdinena eta abar eta abar.
Gauza bakarraz gaztigatuko dizuet: kasu Labrit bere onetik ateratzen denean. Atzo, esate baterako, sutan iritsi zen lanetik etxera. Tailer batean egiten du lan, txandaka, olio eta zikinkeri artean, eta bera da gizonen arteko emakume bakarra. Ez galdetu zer egiten duten, espazio-ontzi baterako titaniozko xafla bat eta torloju bat desberdintzeko gauza ere ez bainaiz ni. Tira, kontua zera da, arratsaldeko txanda amaituta, oihu-algaraka sartu zela etxera atzo, Telmo eta biok sofan jarrita, telebistako saio bati, edozeini egia esan, begira geunden bitartean. Nazkatuta zegoela, nagusiari muturra ederki berotzeko gogoari ezin eutsiko ziola luzaro, dutxetako berogailua izorratu eta orain ur hotzarekin dutxatzea ez zuela nahi ba, eta, gainera, lanerako eman zizkien buzo berri horiek, zuzen-zuzenak, kaka hutsa zirela eta ea berak non demontre sartu behar zituen aldakak eta titiak.
Halakoetan, Telmoren katua izaten da barkua abandonatzen lehena. Bere altzoan gozo-gozo etzanda zegoen atzo, eta, Labriten lehenengo oihu erdia entzun bezain laster, hara non istriborretik jauzi egin zuen eta, isilka-misilka, oin-puntetan sukalderantz alde egin.
Telmok, ordea, ez daki isilik egoten.
-Lana utzi beharko zenuke… eta, horrela, utikan arazo guztiak! –bota zion ezker krotxeta, gupidagabe, ondorioetan pentsatu gabe.
Telmo artista da. Diziplina anitzeko artista. Telmok koadroak pintatzen ditu, argazkiak ateratzen, poemak idazten, eskulturak sortzen, biolina jotzen… eta gutako inork ez daki oraindik oso ondo nondik ateratzen duen etxeko alokairua ordaintzeko dirua. Horregatik erantzun zion Labritek, oihua oihuaren gainean botata, erraza dela lana utzi behar duela esatea, baina bera ez dela artista eta hileko soldata behar duela alokairua eta janaria ordaindu nahi badu, eta artista balitz ezetz, ez zukeela soldataren beharrik, nahi ere ez, librea izan nahiko zukeela, gogoak emango ziokeena sortzeko, eta, ai, gustura izango litzatekeela bera soldatarik gabeko artista.
Telmo nabarmen haserretu zen. Sofatik altxatu eta katuari jarraitu zion sukalderantz, barkua nola hondoratzen zen ikusteko atzera begiratu ere egin gabe.
-Bai, nahiko nuke nik niretzat zure libertatea... zure soldatarekin baletor, edo arkitektoarena, edo ingeniariarena! –esan eta sukaldeko atetik desagertu zen.
Labritek burua makurtu eta sofan eseri zen nire ondoan, Telmok berotutako lekuan. Urrutiko agintea hartu eta beste kanal baten tekla zanpatu zuen, niri baimenik eskatu gabe, noski. Eta hantxe geratu ginen biok, isilik, telebistako saio bati, edozeini, begira, gure barku iraulian; artearen ur handitan itotako bi soldatapeko.