Euskara ez da hizkuntza bat (I)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2015ko abe. 3a, 12:46

Eta komeni da esatea. Euskara, nahi baduzu, mailu bat da, baina nahi baduzu soilik. Eta iltzeekin egur zatiak lotzeko erabili ahal izango duzu, eta egur zati bat eta beste bat eta gero beste bat lotuz, etxe bat egiteko, zubipean bizi beharrik izan ez dezagun (eta nahi nuke metafora huts bat izatea, baina ez, ez da).

Edo euskara izan liteke, nahi baduzu, eta nahi baduzu soilik, etorkizunez kargaturiko arma bat, hark emango dizkigulako, eta hark soilik, mundua aldatzeko behar ditugun aditz guztiak (eta, ondoren, hura edertzeko adjektiboak). Euskarak soilik ekar diezagukeelako duintasuna, ezinbestean euskararen eskutik ekarri beharko ditugulako gurera arnasarik gabe uzteraino itotzen ez gaituzten lanbideak, emakumerik hiltzen ez duten gizonak, esna amesten duten pertsonak. Euskararen eskutik etorriko dira edo, ohar gaitezen behingoz, ez dira inola ere etorriko.

Euskara munduari begiratzeko daukagun modua da, ala ezer ez da. Eta ordua da modu hori duintasunez betetzen hastekoa.

Eta gero bai, gero, noizbait, euskara hizkuntza bat izango da, eta gaurkoa bezalako udazken arratsaldeetan haizeak gogor joko du, eta hosto gorrikaren gainetik kris-kras ibiliko gara, eta elkarri agur esango diogu pasieran, eta gaua etorriko da gero, eta beste egun bat ondoren, eta gaua berriro.

Euskara hizkuntza bat izango ahal da noizbait!

(Arabako Alea aldizkarian argitaratutako iritzi-zutabea)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide