2021

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2016ko ots. 3a, 12:33

(Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 91. zenbakian argitaratutako ipuina)

Betazalak kiskaltzerainoko beroa egin du berriro gau osoan. Oraindik ohetik altxatu gabe, izarak izugarrizko izerdi uherretan blai, akordatzeko ahalegina egin du Z-k. Baina bero-zapak eta lo eskasiak eragindako zorabioaren zurrunbiloan ez da gauza erraza akordura ezer ekartzea. Erraz izan liteke laurehungarren gaua segidan, eguzkiak alde eginda ere, sargoriak ez duela hanka egin nahi. Urtebetetik gora, seguru. Iazko udatik, gutxienez. 2020tik, zalantzarik gabe.

Jasanezina da, ez dago hori ukatzerik, baina Z-ri gehiegizkoa iruditzen zaio, inondik ere, urtaroak berregituratzeko han-hemenka gero eta ozenago entzuten diren ahotsak. Tira, ahotsak… dagoeneko oihu direla ere esan daiteke, kaleak berriro betetzen hasi baitira manifestari ernegatu eta izerditsuz, egun denak bero-zaparen oinpean igaroko baditugu, urteari uda deitzeko eskatuz, eta kito, akabo problemak horrela.

Egia esan, okerragoa eta amorragarriagoa zen lehen, jendea, trapu eta plastikoei helduta, beroaren aurka manifestatzen zenean, eltxo eta euli zikinez betetako kaleetan, eguraldi beti apetatsuaren kontra ezer egiterik balego bezala. Eskerrak denak suntsitzeko planak arrakasta izan zuen. Intsektuak, esan nahi da. Pertsonak zentzatu zirelako halako batean, eta, orain, sikiera, urtaroak berregituratzeko aldarri egingarriagoari heldu diote.

Dena dela, begiratzen zaion lekutik begiratzen zaiola, goizegi da horretarako, goizegi da urteari uda deitzeko, oraindik badelako esperantzarik, itzul litekeelako negua, bere begi zuri kristalezkoekin, bere elur izoztuko eskuekin, bere…

Telefonoak jo du, ustekabean, telefonoak beti jotzen baitu ustekabean, eta, jauzi trakets bat eginez, ohetik altxatu da Z. Belarri barruko bozgorailuan hartu du deia.

-Bai?

Min zorrotz bat sentitu du buruan, ezker lokiaren inguruan. Beroaren erruz izango dela otu zaio, baina ezin ukatuko du gehiegi edan zuela atzo.

-Ez, ama. Esan dizut ez naizela joango afaltzera. Nekatuta nago.

Komuneko armairuan aspirina baten bila ari da.

-Ama, ez hasi berriro, e. Ondotxo dakizu ez daukadala bikotekide bila hasteko astirik. Eta ez, bost axola urteko azken gaua izatea edo historiako azkena. Bost axola!! Eta utikan aita eta bere sineskeria guztiak! Gorroto dut gabon zahar gaua!

Urez goraino betetako edalontzian bota du aspirina, eta nola desegiten den begira geratu da, goraka ihesi doazen burbuilatxoetan kateatuta gogoa.

-Kito, ama. Bakarrik egon nahi dut gaur. Sikiera, gaur. Bihar joango naiz bazkaltzera-edo, lanak uzten badit.

Ia irakiten dago iturriko ura. Elektrizitatea huts egiten hasi denetik, asaldatuago eta zoratuago dago jendea. Aire egokiturik edo haizagailurik gabeko ordu luzeak gero eta luzeagoak dira, gero eta zabalagoak, gero eta bustiagoak. Hozkailuek oso tarteka baino ez dute funtzionatzen, eta ia batere potentziarik gabe. Dena ari da pixkanaka urtzen.

Pi labur bat entzun du Z-k belarrian. Mezu bat da, Japoniako presidentearena. Logelako horma zurietako batean proiektatu du.

“Bikaina atzoko afaria. Euliak suntsitzeko bigarren plana ere arrakastatsua izango da, seguru ;-)”

 Z-k ez zion, noski, euliak suntsitzeko bigarren plana deitu nahi. Nork demontre irentsi behar zuen hori? Ez al ziren denak ohartzen dagoeneko ez zegoela eulirik? Eta, gainera, jendeari euli deitzearen kontu hori ere… Hori bai, ez dago beste erremediorik. Edo argiago: jadanik ez dago denontzako lekurik. 

Ardoaren eflubioek bilera-gela goitik behera bete zutenean, Z-ri utzi zioten euliak akabatzeko gune nagusiak aukeratzen. Azken beltzean, bera zen presidente guztien arteko boteretsuena. Hiruzpalau eremu seinalatu zituen mapa zimurtu batean, eta beste bat seinalatzera derrigortu zuten, gutxienez “euli” populazioaren erdira iristeko. Gero, kopetatik irrist egin zion izerdi-tanta xukatu eta kopa berriro ardoz betetzeko eskatu zuen.

Ate ondoko ispiluaren aurrean jarri da Z. Ilea nahasita dauka, baina aldaketan pilatutako haragiak eta bular erortzen hasiak dira amorru gehien ematen diotenak. Gona bat hartu du armairutik, edozein.

Danbateko gogor batez itxi du atea, eta bizkartzainak ohartarazi gabe, badoa kalera, Etxe Zuria atzean utzita, manifestarien oihu izerditsu eta likitsuen artean galtzera. Gaur, munduak ikasi beharko du bere burua bakarrik gobernatzen.

Eta bihar… bihar uda berri bat hasiko da, begiak irekiko dituzten euli zorigaiztokoentzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide