Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (5. atala hemen)
Konploten bat prestatzen entzun nituen atzo Telmo eta Labrit. Disimulatzeko egiten diren ahalegin behartuak baino salatari handiagorik ez dago. Inguratzen nintzaien bakoitzean, elkarri abisua emateko keinuak egiten zituzten eta edozertaz hizketan hasten ziren, berdin neguaren epelaz zein ogi-barraren garestiaz. Erretxindu beharrean, jostagarria iruditu zitzaidan jolasa, eta despistatu plantak egitea erabaki nuen.
Eta itxaroten jakiteak, dena uneoro jakin eta kontrolpean izateko beharrari aurre egiteak saria izan du gaur goizean: sekula esperoko ez nukeen sorpresa eman didate nire bi pisukide maiteek.
Sukaldera gosaltzera joan naizenean, hantxe aurkitu ditut biak, zain, umeek zirkura joan aurretik jarri ohi duten aurpegierarekin, erdiz urduri erdiz ilusionatuta. Txarrenerako prestatu naiz.
-Zorionak! –biek egin dute oihu batera, eta tarta handi eta krematsu bat jarri didate muturren aurrean, ezin konta ahala kandelarekin.
-Tira, nik urteak bete besterik ez dut egin –esan diet–, ez zait iruditzen zoriontzeko moduko ezer denik.
Bai, ondo merezita daukat marmarti fama.
-Gauzak nola dauden ikusita, bizirautea ez da lorpen makala! –bota du Labritek.
Ez dut ezer erantzun. Kandelei putz egin eta, denak itzali direnean, isilik geratu gara hirurok, pentsakor. Beharbada, denok ari ginen geure buruari galdetzen zergatik kosta egiten zaigun horrenbeste besteengandik zorion eta alegrantzia pixka bat jasotzeak, edo zergatik aitzakien bila ibili behar dugun beti zorion eta alegrantzia pixka bat emateko.
Azkenean, Telmok hautsi du isilunea.
-Zer demontre! Beti ahazten zaigu bizitzeko jaio garela. Eta zer da bizitzea ez bada egunero tarta bat jatea!
Baina, tamalez, biharko ahaztu egingo zaigu bizitzea zer den, eta biziraupen hutsari ekingo diogu berriro, beste urtebetez, tartan gero eta kandela gutxiago kabitzen direla ohartuko ez bagina bezala.