Gure (zoro)etxea - 7. atala

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2016ko mar. 17a, 10:35

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (6. atala hemen)

Gogoa aldrebestuta dator Labrit etxera. Sarrailan giltza sartzeko, jiratzeko eta atea irekitzeko moduan nabari zaio. Zakartasun hori, ezaxola hori ez du berezkoa. Egongelara etorri denean, bere aurpegi ilun eta buru eroriak susmoak baieztatu besterik ez dizkit egin.

Sofan eseri da, nire ondoan, baina gutxien-gutxienez mila bat metroko distantziara, han bera eta ni hemen, elkarri bizkarra emandako artxipelago bereko bi uharteren moduan. Gure aurre-aurrean, telebista egon beharko litzatekeen lekuan, koadro bat margotzen ari den Telmori ere ez dio begiradarik eskaini.

Fabrikan egun txarra izan ote duen galdetu diot, ea berriro arazoak izan ote dituen gizonezkoentzat besterik pentsatuta ez dauden lan-jantziekin...

-Hala balitz hobe! ERE bat aurkeztuko dutela esan digute –erantzun dit.

Lasai egoteko esan diot, seguru aldi baterako besterik ez dela izango, aterako direla zulotik, ez duela lanik galduko...

-Utikan lana! –erantzun dit-. Lankideen jarrera da okerrena, nork bere burua salbatu nahian, ondokoarekin ukalondoka, ohartu gabe denak goazela hondoratuko den txalupa berean.

Igual zuek ere konprobatuta izango duzue, baina, garaiotan, zein zaila den marxista-leninista bat animatzea! Horregatik dago gero eta urez beteago Labrit gizajoaren txalupa, hondotik gero eta gertuago.

-Dena galduta dago –esan du, dagoeneko itsaspetik-. Ez dakit zergatik segitzen dugun itxurak egiten, zerbait aldatu ahal izango balitz bezala. Gogaikarria da ikustea nola zapaltzen gaituzten haien transatlantikoekin.

Gure begien aurre-aurrean, brotxa-kolpe nabarmen batez, azken puntua margotu dio koadroari Telmok. Jiratu eta Labriten eskuetan utzi du mihise margotu berria, eta pintura usain sarkorra barreiatu da egongela osoan. Etxe zahar baten irudi hiperrealista bat da, argazki baten zehaztasun guztiekin. Nago pinturak ere ez duela balioko Labriten txalupa erreskatatzeko.

-Zer, etxe bat? –galdetu dio, gogotxartuta.

Eta Telmok berehala erantzun:

-Ez, itxaropen-izpi bat. Argi bat iluntasunean. Aurrerantzean, pizteko gure minaren beharrik izango ez duen argi bat.

Elkarri begiratu diogu Labritek eta biok, deus ulertzen ez dutenen konplizitatea konpartituz, Telmo sukaldera doan bitartean, pintzelak trapu zahar batekin garbituz.

Koadroari buelta eman dio Labritek, ur-azalaren azpian ezkutatu ohi diren erantzunak topatu nahian bezala. Eta hantxe aurkitu dugu, mihisearen atzealdeko izkina batean idatzita, bila genbiltzan itsasargia: Zalduondoko udaletxea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide