Gure (zoro)etxea - 8. atala

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2016ko api. 21a, 10:35

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (7. atala hemen)

Etxeko txirrinak jo du, etxeko txirrinak beti jo ohi duen moduan, gutxien espero duzunean eta, egiten ari zarena egiten ari zarela, berdin solomo xerra batzuk frijitzen afaritarako edo galtzerdiak mimoz tolesten tiraderan gordetzeko, kontzentrazioaren maila gorenera iristen ari zarela uste duzunean.

Din-don, din-don!

Gu hirurok, Telmo, Labrit eta ni neu, sofan eserita geunden, telebistari begiak pega-pega eginda, Euskal Herriko modako politikariaren malabarismo dialektikoetan endredatuta, kontzentrazioaren klimaxa hatz-puntekin ferekatuz. Tinbrearen lehenengo astinaldian, zirkinik txikiena ere ez genuen egin, eta hirurok desiratu genuen gure ondokoa altxatzea, edo ate-joka etorritakoa berehalakoan alde egitea.

Baina ez zen ez bata ez bestea gertatu, eta txirrinak belarriak zulatu zizkigun berriro.

Din-don, din-don!!

Elkarri begiratu genion, eta segituan ulertu genuen hirurak altxatu eta hirurek joan beharko genuela atea irekitzera, beste edozein aukera, abagune txikiena emanez gero Labritek gogoraraziko zigunez, injustizia hutsa eta elkartasun falta larria izango zelako.

Emakume bat zegoen zain atearen bestaldean. Pixka bat harritu zen hirurak ikusi gintuenean ate estuaren inguruan bilduta, haren eskeari adi-adi. Begiak kliskatu eta esan zigun:

-Zein da etxearen jabea?

Nik burua makurtu nuen, etsipen keinuz, zetorrenaren jakitun. Telmori ukondoa sartu eta Labritek hartu zuen hitza. Pantailan hitz eta pitz segitzen zuen politikariaren kontamodua imitatuz, erantzun zion etxe hartan ez zegoela jaberik, gauzek ez dutela zertan jaberik eduki, galdera hori erantzuteko prest zegoela, nahiz eta sentitzen zuen, baina ez zion hark entzun nahi zuen erantzunik emango.

Atearen bestaldeko andrea ahoa bete hortz geratu zen, erantzunik jaso gabe. Labrit ere ez zegoen erosoegi, erantzunik eman gabe. Gauzak konpontzeko (nabari bedi ironia), Telmok hartu zuen hitza, eta esan zion:

-Beno, egia esan, Labrit, etxe honek badu jabe bat, nahiz eta ez den gutako inor. Ondo egon da zure diskurtsoa, baina errealitateak zapuztu dizu, hemen oraindik existitzen direlako jabeak, zuk nahi ala ez, eta etxe honek ere badu berea.

Labrit berehala oldartu zitzaion eta esan zion egoteko isilik. Berak ez zuela gezurrik esan, etxearen jaberik ez zegoelako etxean, eta, gainera, etxeak ez direla edukitzeko gauza bat, baizik eta bertan bizitzeko, eta zerbaitez hitz egitekotan, horretaz hitz egin beharko genukeela, etorkizunaren nolakotasunaz, hau da, ez dagoeneko sortu ditugun jabeez, baizik eta sortuko ez ditugunez.

Emakumeak, aspertuta, buelta eman zuen, eta eskuan zekarren ikurrina erortzen utzi zuen gure muturrean aurrean. Balkoian zintzilik izan ohi dugun bandera zen.

“Kalean botata zegoen eta pentsatu dut zuei eroriko zitzaizuela, igual” esan zuen, eta eskaileretan behera desagertu zen.

Hitz-erdi gehiagorik esan gabe ikurrina lurretik hartu, atea itxi eta sofara itzuli ginen hirurok. Telebistan iragana zen oraindik, euri eta lanbro artean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide