Gure (zoro)etxea - 9. atala

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2016ko mai. 19a, 10:25

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (8. atala hemen)

Batzuetan nire logelan ezkutatzen naiz.

Gustatzen zait Telmo eta Labritekin egongelan kalakan aritzea. Gustatzen zait Telmo edo Labritekin sukaldean afaria prestatzea. Gustatzen zait haiekin denborari ihes egiten uztea, azala zimurtzen zaigun bitartean. Baina, hala ere, batzuetan nire logelan ezkutatzen naiz.

Eta itzaltzen ditut gailu guztiak, mugikorra, musika-katea, ordenagailua, iratzargailua, tableta... eta irekitzen dut leihoa eta entzun egiten dut lau horma hauetatik kanpo, gure etxepeko plazan, gertatzen dena.  

Gil de Biedma poetak behin esan omen zuen: “nik uste nuen poeta izan nahi nuela, baina ez, poema izan nahi nuen”. Bejondeiola.

Igual garaiak aldatu dira; igual orain hiru aho ditugu eta lau esku; igual dagoeneko ezer ez da lehen zena (gaur badena betiko izango balitz bezala). Ez dakit, baina susmoa daukat orain denok izan nahi dugula poeta, eta musikari, eta margolari eta kalakari eta, oroz gain, denok izan nahi dugula profeta. Eta inork ez duela izan nahi poema, edo kantu, edo margo, edo hitz.

Datorren astean, Jalgi euskal kulturaren plazak bere lehenengo urratsak emango ditu Aiaraldean. Eta aukera bikaina izango dugu bertatik bertara entzuteko eta ikusteko poetak, musikariak, margolariak eta kalakariak. Izan ere, horretarako izan behar direlako halako ekimenak, entzuteko eta ikusteko, ez baititugu kasualitatez aurpegian, nik dakidala behintzat, bi begi, bi belarri eta, aldiz, aho bakarra. Ez bada garaiak asko aldatu direla.

Pernandoren egiak ere zalantzan jartzen baitira garaiotan, eta komeni da, tarteka, haietako batzuk gogora ekartzea. Kasu: hartzailerik gabe ez dago sortzailerik, poemarik gabe poetarik ez dagoen modu bertsuan. Ni ere gaur, Gil de Biezmaren antzera, nahiago dut poema izan, eta irekita utzi logelako leihoak, begiratzeko, aditzeko, etxepeko plazan zer jalgi den ikusi eta entzuteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide