Gure (zoro)etxea - 11. atala (season finale)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2016ko eka. 30a, 13:18

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (10. atala hemen)

Atea ireki eta etxera sartu bezain laster hartu dut sustoa. Sustoa, eta kasik burua alderik alde zabaltzeko moduko ostia latza. Ia-ia lurrera joan naiz Telmok atearen aurre-aurrean, bidearen erdi-erdian, utzi duen bere maleta betearen kontra behaztopa egin ondoren. Eta, noski, ulertuko duzuen moduan, madarikazioka hasi beste erremediorik ez dut izan.

Telmoren bila abiatu naiz etxean barrena, pasilloaren erdian maletak abandonatzearen arrazoia zein izan ote zitekeen jakin nahian. Begiratu dut egongelako sofan, igual segundo batez eseri eta loak hartuko zuelakoan oharkabean. Baina, ezer ez. Sukaldean ere ez dut aurkitu, bat-batean goseak jo eta amaigabeko oturuntza bat egiten. Bere logelan begiratu dut azken, baina han ere ez dago ez Telmoren aztarrenik, ez eta maletaren abandonua argitzeko moduko arrastorik ere.

Orduantxe aditu dut Labrit, bere gelako ate doi bat irekitik, nire arreta bereganatu nahian. Txssst, txssst! Halaxe egin dit, animaliei bezala.

Harengana hurbildu eta harekin sartu naiz bere logela barrura, zer demontre gertatu den galdetzera. Eta azaldu dit, gosaltzen zeudela, Telmo leihotik zeru urdin oskarbiari eta eguzki borobil horiari begira-begira egon ondoren, azken galleta irentsi, kafeari hurrupa luzea eman eta bitan pentsatu gabe bota duela: "banoa oporretan!".

Mahaitik altxatu eta maleta prestatzen hasi omen da. Sartu ditu bi bainujantzi, urdina bata eta laranja bestea. Hondar gainean jartzeko toalla zabala. Barruko arropa eskukada bat. Nezeserra. Bi txankleta pare. Galtza motzak, hiru edo lau. Kamisetak, sei edo zazpi, mauka motzekoak eta tirantedunak ere batzuk. Eta gero, hasi da jertseak sartzen, finak hasieran, baina gero eta lodiagoak ondoren. Eta gero, jaka lodi-lodiak eta txanoak eta eskularruak eta bufandak. Harik eta maleta pisutsua nekez itxi eta ate aurreraino nola edo hala eraman duen arte, txintik esan gabe.

-Hartzen zuen arropari begiratuta ez zegoen modurik jakiteko nora joango zen. Ikusi behar zenuen. Deabruak hartuta zegoela ematen zuen –esan dit Labritek, izutu antzean.

-Eta? Ez al diozu galdetu zertan ari zen? –bota diot nik.

-Jakina galdetu diodala. Eta bere artista-esaldi kriptiko horietako batekin erantzun dit: “Bi mundu daude: turistak ikusten duen gauza hori eta benetako mundua”. Eta joan egin da, maletarik gabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide