Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (aurreko atala hemen).
Miraria izaten da hirurok elkarrekin gosaltzea, Labriten fabrikako ordutegiak ez baitira, ez direnez, inongo logikaren barruan katalogatzeko modukoak. Baina gaur, zergatik ez dakigula, lehenengo eguzki izpiak zerua urratzen hasi direnean altxatu, eta Telmo eta biokin eseri da sukaldean, katilu bete kafe eta galleta batzuekin.
Isilik gaude hirurak, kanpoalde argitzen hasiberriari begira leihotik Telmo eta biok, eta pareta zuriari Labrit. Gutxien esperotako momentuan, Telmok eta biok kafetan bustitako galleta ahora eraman dugun une justuan alegia, hautsi du isiltasuna Labritek:
-Lanetik bota naute.
Galleta busti eta bigunaren zati bat kafera erori zaio Telmori, eta beste erdia kontrako eztarritik joan zaio. Laster hasi da eztul itoka, bi sudurzuloetatik kafe hari bana dariola.
Nik hartu beharko dut, beraz, zerbait esatearen ardura. Baina, zer demontre esan behar da halakoetan? Zer esaten zaio lanetik bidali berri duten lagunari?
Burura etorri zaidan lehenengo gauza zoriontzea izan da. Gutxi izango dira munduan soldatapeko lana baino zigor handiagoak, eta, behin kate pisutsu horiek apurtuta, zoriontasunerako bideak errazagoa eta arinagoa behar luke. Neure burua imajinatu dut istant batez, lanera joan beharrik gabe, gorputzak eskatzen didanean esnatzen goizetan, gosaldu ostean sofan gozo irakurtzen, arte-galeria bat bisitatzen eguerdian, lo-kuluxka egiten bazkalostean, ardo batzuk hartzen lagunartean arratsaldean, meditazioa praktikatzen iluntzean. Nekez irudikatu dezaket zoriontasun handiagorik.
Baina Labriten aurpegia ezin ilunagoa da, eta nago ez dagoela zorionik jasotzeko aldartean. Zer esango diot? Lasai egoteko, aurkituko duela beste zerbait, beharbada kostako zaiola, gazte izateari utzi diolako, lan-kontuak konplikatuxe daudelako orain, emakumea delako, fabrikak bata bestearen atzetik ixten ari direlako...
Edo esango diot gauzak ez direla horrela geratuko, bihar bertan joango garela lantegira, oihuka hasiko garela atearen aurrean, ez garela handik joango nagusiak atzera egin arte, eta beharrezkoa bada, su ere emango diogula fabrika zahar puta horri.
Zer kristo esan behar diot nik lana galdu duen lagunari, lana galtzea ia heriotza kondena bihurtu dugun garaiotan?
Eta azkenean, ahoa ireki dut, baina kafeari trago luze bat kentzeko, eztarrian trabeska geratu zaidan galletari behera bultza egiteko. Eta nire gelara joan naiz, telefonoa hartu dut eta deitu egin diot. Kaixo esaten ere ez diot utzi:
-Baina, zer demontre?! Zergatik bota duzu kalera Labrit, aita?