Gure (zoro)etxea - 02x03: Mundu berria

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon Corral 2016ko aza. 17a, 10:27

Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioaren iritzi-tarterako zutabea (aurreko atala hemen).

Etxera sartu naizenean, hantxe topatu dut Labrit, egongelako sofan eserita, liburu bat esku artean. Azkenaldian, lantokitik bidali zutenetik, sarri egoten da halaxe, etxean liburu bati helduta.

-Zer, Labrit, zein ari zara irakurtzen orain? –bota diot, lagunkoi.

Isilunea jaso dut bueltan. Azkenaldian, lantokitik bidali zutenetik eta lantokiko nagusia nire aita zela jakin zuenetik, sarri egoten da halaxe, etxean liburu bati helduta eta nirekin hitz egiteko batere asmorik gabe. Eta sinetsidazue esaten badizuet, lagunaren isiltasuna baino ankerragorik gauza gutxi dagoela munduan.

Bere aurrean jarri naiz, gogaituta, eta bizkarra makurtu eta burua jiratu dut liburuaren azala ikusi ahal izateko. Aldous Huxleyren "Bai mundu berria” da. Ez nago amore emateko prest.

-Ondo etorriko litzaiguke soma pixka bat, ezta? Edo, ze kristo, eskatzen hasita, hobe miseria honetatik ateratzeko mundu berri bat behingoz! –bota diot aurpegira, probokatzeko-edo.

Burua altxatu, liburua itxi eta bere begiak iltzatu ditu nireetan.

-Mundu berri bat behingoz? Ondo ergelak zarete zuek, divine gaucheko ezkertiar sabelandiak! Beti zuen matraka kristau horrekin, mundu zaharra ordezkatzera eta gu guztiok salbatzera mundu berri bat etorriko dela esan eta esan. Serio, ez al zarete ohartu? Zer uste zenuten, zuen erretolika hanpatu horrekin berba eta berba ari zineten bitartean mundua zuei begira zegoela? Ba, ez. Badator mundu berria, eta ez da, ezta hurrik eman ere, espero zenuten hori. Gorriak ikusiko ditugu, eta orduan bai beharko ditugula soma dosiak kiloka.

Burua jaitsi, liburua ireki eta berriro iltzatu ditu letretan begiak, derrepentean desagertu izan banintz bezala.

Ez gaitezen engaina. Ankerra da lagunaren isiltasuna, bai, baina puskaz ankerragoa da entzun nahi ez diren egiak belarriratzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide