- Gorroto zaitut.
Koplarik erabili gabe bota dizkit hitzok Marik, ziplo eta seko, kalearen erdian. Kultur azpiegiturak garbitzeko kontratatu gintuzten gu, erratz kolpeka areto moketatu eta gehiegitan hustuak distirant uzteko. Baina hain dira urriak kulturguneak gurean, non nagusiak, kopetilun, asko sentitzen duela baina kalea garbituko dugula esan baitigu gaur goizean. Mari eta biok elkarri begiratu diogu harriduraz, sinetsita baikeunden kalea ere kultur azpiegitura bat zela, besteak beste.
-Baina, zer demontre egin dizut nik? –erantzun diot.
Atzo zinemara joan zela kontatu dit. Begiak umel eta bihotza erorita atera omen zen aretotik, filma bukatzear zela, gehien maite zuen pertsonaia tiroz hil baitzuten.
Gogo eroria berpizteko ideia paregabea otu zitzaion: berriro ilaran jarriko zen, eta bigarren saiorako sarrera erosiko zuen, ea bigarren emanaldi horretan, bala madarikatuak ez zuen bere gogoko pertsonaiaren bihotzean habia egiten. Leihatilako langileari plana azaldu bezain laster, haren begiradaren epai irmoa jaso zuen bueltan: eroei begiratzen zaien maneran begiratu zion.
Eskutan daukan zakar poltsari so geratu zaio Mari.
-Ohartu al zara langile miserableok garela determinismoan sinesten dugun bakarrak? Ez esan gorrotagarria ez denik!