Kalea garbitu behar badugu, bi erratz ziztrin baino eraginkorragoa den zerbait eskatu diogu nagusiari. Gure bizkar zahar konkortuek merezi dute horrenbeste.
Eta hemen gaude Mari eta biok, eguna oraindik argitzeke, kalea garbitzeko traste honetan sartuta, bolanteari helduta bera, kopilotu lanetan ni.
-Mari, ikusi dituzu hormetako kartel horiek guztiak? –galdera inozoa izan da, noski, inguratuta baikaude botoa eskatzen diguten aurpegi irribarretsuz- Egunero ari zaizkigu horiek esan eta esan zer garrantzitsua den kultura, zein beharrezkoak diren sortzaileak, zein funtsezkoak kultur azpiegiturak, eta kultur olatuak, eta kultur itsasoak eta kultur ozeanoak…
Zerumugan lehen eguzki-printza agertzearekin batera ikusi dugu kalean behera bilintzi-balantza datorren gaztea, garagardo botilatxo erdi hustu bat eskuan, azken taberna ixteko jarriko zuten Laboaren abesti ilun baten notak oihukatuz.
Guri eta gure trasteari begiratu gabe, boto eske kartelez jositako hormaren kontra bermatu da, prakak eta kuleroak jaitsi ditu, kokoriko jarri, eta hortxe bertan egin du txiza, kalearen erdian.
Ahoa bete hortz begiratu diot Mariri.
-Hortxe daukazu paretako jende-modu irribarretsu horrengandik jaioko den kultur erreka bakarra –esan dit, eta azeleragailua zanpatu du amorruz.