Hausnarketa eguna

Izar Mendiguren Cosgaya 2015ko mai. 24a, 00:00

Alderdietako kotxe karabanek bidaia bukatu dute. Ez, ordea, bidea. Emaitzen koloreak alboratuta pozgarria da Aiaraldea osatzen duten 9 udalerritik zortzitan alkatea euskaraduna dela jakitea. Edo, gure eskualdeko alkateen herena emakumea izatea.

Emakumeen presentzia instituzioetan zein eremu ezberdinetako erabakiguneetan areagotu bada ere, berdintasunaren hanka kolokan dago. Nolatan uler, bestela, hautes-mahaietan alderdi politikoek aukeratutako“ahaldun” edo ordezkari gehienak gizonezkoak izatea?

Atzo ikusitako beste bi bitxikeri jarriko ditut mahai-gainean. Emakume saharauiar bat bozkatzera hurbildu zenean,“naziotasunik” ez zuela esan zion mahaiko arduradun batek. Barrenak ezin eutsita naziotasuna baduela nahiz eta oraindik legeak ez aitortu erantzun nion.

Ildo beretik, ez dut ahaztuko EHNArekin (Euskal Herriko Nortasun Agiria) bozkatzea lortu zuela kontatzean jubilatu bati nabari zitzaion harrotasuna. Jatorri aniztasunak aberastu egiten du herri eta herritar oro.

Horregatik, herritarren mesfidantza hitzen aurrean, alderdiek egindako ekintza batzuek sortutako konfiantzarekin geratzen naiz. Gurasoen bozka hautesontzian sartzera poz-pozik etorri den haurraren ilusioarekin. Edo, Osakidetzako txartela aldean bakarrik zuela bertaratu eta berriro itzuliko zela zioen agurearen konpromisoarekin. Izan ere, denok gara herri honen parte: etorriberriak, haurrak, langabeak, gazteak, jubilatuak, itsuak, artistak, ostalariak...

Haatik, erreflexio eguna baino, pentsatzeko tarte bat har dezagun. Ez dezagun tokian tokiko historia idazteko izen-abizenez betetako paper bat eskaintzera mugatu gure ekarpena.

Historiaren protagonistak eta egileak gu gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide