Edozein egun da on euskarari buruz hitz egiteko. Areago, igual hobeak dira ospakizunik gabeko egunak. Batez ere gurea bezalako problema handi bat daukagunean.
Izan ere, guk elefante bat ez, dinosauro bat daukagu gelaren erdi-erdian, geldi, eroso, mugitzeko inolako asmorik gabe, eta ematen du ez dugula hura ikusteko, hari begiratzeko inolako asmorik. Are gehiago, nabarmena da oheratu eta begiak itxi orduko, errezoan hasten garela, Monterrosoren mikroipun profetikoa bete ez dadin. Baina alferrik dira errezo eta desirak. Nahi izatea ez da nahikoa. Begiak ireki orduko, hantxe segitzen baitu dinosauroak.
Zer den dinosauro hori? Geure buruari galdera gutxi batzuk egitea aski da erantzuna zein den jakiteko: zenbat jendek irakurtzen du euskaraz? Zenbat jendek ikusten du telebista euskaraz? Zenbat jendek nabigatzen du interneten euskaraz? Zenbat jendek.. zernahi euskaraz?
Jende gutxi horietako batzuei entzuten diedanean beste esaldi profetiko hura errepikatzen, etorkizuna euskaraz izango dela alegia, burura datorkit berehala baietz, euskarak, amaren etxeak nola, iraungo duela zutik, zutik eta museo baten lau hormetariko batetik eskegita, ezen nekez iraungo baitu kalean, kalean apenas, eta gero eta gutxiago, dagoena.
Eta euskarak kalea behar du. Eta kaleak euskara behar du, izan nahi badu libre, izan nahi badu duin, izan nahi badu.
Izan dadila euskara aukera berrien ate, eta dinosauro zaharren logela izateari utziko dio.
-Arabako Alean argitaratutako iritzi-zutabea. Hemendik dator: Euskara ez da hizkuntza bat (I)-