Gure gainetik izarrak bakarrik!

Aimar Gutierrez Bidarte 2016ko aza. 21a, 21:26

Gaztea izatea eta iraultzaile ez izatea kontraesan biologiko bat ere badela zioen Salvador Allendek. Belaunaldiz belaunaldi, Euskal Herriko gazte mugimenduak, eskola ordu hori galdu ez zuela erakutsi du aise, bizitzaren zientzia omenduz, egunerokotasuna irauliz. Gaur ez gaude kontrako atakan.

Gure gainetik milaka zapalkuntza pairatzen ditugu egunero, gure bizitzaren arlo orotan. Tematiak gara gazteak, baina. Antolatuz eta borroka espazioak piztuz arrakalak sortu ditugu palazioko horman. Badakigulako elkarrekin dihardugun une oro izarrak bakarrik ditugula gure gainetik.

Abenduaren 9, 10 eta 11an Barañainen ospatuko dira Euskal Herriko gazte mugimenduaren topaketak; GAZTERAIKI. Gazte mugimenduaren espresio guztiak bildu eta aurrera jotzeko tresnak jarriko dira mahai-gainean. Gure oraina irauli eta etorkizuna eraikitzeko tresnak: Euskaratik, sorkuntzara; feminismotik, etxebizitzara...

Baliabideak eskaintzea da topaketen helburu nagusia. Tokian toki, gazte mugimendua, bat bailitzan, kolpa dezan.

Ez da lan makala azken urtean, "Gazteok eraikuntza lanetan" dinamikak Barañaineko Gazteraiki topaketetan materializatu aurretik egin duena. Luze eztabaidatu eta hausnartu da. Gazte borrokaren espresio guztiak aztertu, eta horiei tiraka 18 proiektu sortu dira gazte mugimenduari, ahalik eta espresio ugarienetatik, bultzada indartsu bat egiteko asmoz. Gaurdanik mugak gainditu eta gure egunerokotasuna eraldatzeko tresna izango diren proiektuak.

Proiektu hauek abian jartzea da, Barañaineko topaketetan batuko garen ehunka gaztek, esku artean daukagun eginkizuna.

Aisialdirako tartea ere izango dugu gazteok Nafarroa aldean. Topaketen baitan eztabaida ezberdinak gauzatzeaz gain, dozenaka hizlarik hartuko dute parte eta kontzertuak, azokak, kale animazioa eta jai giroa ez dira faltako Barañaineko kaleetan.

Aurrerapauso handi baten aurrean dago gazte mugimendua, baina argi dago elkarrekin bidea egiterik dugun bitartean geldituko gaituenik ez dela. Gainetik izarrak bakarrik ditugun honetan, eurek ere, hor goitikan bada ere, badituzte beldurra eta kezka sentitzeko arrazoi ugari. Guztia nahi dugulako, guztia lortzera goaz!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide