ANALISIA: Hauteskunde europarrak: zigorraren emaitzak

Aitor Aspuru Saez 2014ko mai. 26a, 17:41

Europar hauteskundeen emaitzak zuhurtasunez jaso behar dira beti. Horretarako orain arteko arrazoia erraza zen ulertzeko; Bruselaseko legebiltzarra oso urruti dago eta bertan hartzen diren erabakietan badirudi eragin gutxi dutela tokiko emaitzek.

2014an urruntasun sentsazio horri gehitu behar zaio hautesle ugari ez daudela batere ados Europatik ezartzen ari diren politikekin -murrizketa politikekin hain zuzen ere-. Hori gutxi balitz, alderdi nagusien ustelkeria kasuek zilegitasuna kentzen diete orain arteko politika egiteko egon diren eskemei.

Litekeena da aldagai horiek zerikusi handia izatea Aiaraldean jazotako hauteskunde emaitzekin. Hasteko, ez da joera uniformerik eman partaidetzan. Leku gehienetan jende gutxiagok bozkatu du hauteskundetan 2009an emandako emaitzekin alderatuz gero, baina Amurrion, Urduñan, Okondon edo Laudion hautesleen kopurua handiago izan da.

Alderdiek jasotako babesaren aldetik, 2009. urtean izandako hauteskundeekin joera politikoa argia da. EAJk bozak galdu ditu baina oraindik ere hegemonikoa da eskualdean, EH Bilduk gora egin du eta PP eta PSOE dekadentzia nabaria izan dute.

EAJk ziurrenik politika klasikoan egondako alderdi baten ondorioak sufritu ditu eta Eusko Jaurlaritzan ardurak izateak horri ere lotuta egongo da. Baina bere oinarriak oso sendoak dira Aiaraldean eta nahiz eta boza gutxiago jaso, lehen aukera da oraindik, 4798 pertsonek bozkatu baitute. 2009An 5682 hautesleren boza izan zituen.

EH Bildu bigarren indarra izan da eskualdean eta zentzu batean bere helburu politikoa lortu du. Koalizioaren kanpainak haserretuen boza erakarri nahi izan du. Behin eta berriro gainerako alderdien amesgaizto gisa aurkeztu du bere burua. Bere emaitzak, 2009an lortutakoak baino askoz hobeagoak dira. Aralar, EA eta Iniciativa Internacionalista alderdien bozak batuz gero ez dira EH Bilduk erdietsitako arrakasta mailara heltzen.

PP eta PSOEren porrota argia izan da. Horren isla dira sozialistek galdutako boza kopurua Laudion, adibidez. 2009an bigarren indarra izan bazen PSOE (1657 boza), 5 urte geroago osta osta heldu dira kopuru erdia gailentzera (867 boza). Antzeko egoera eman da Amurrion, PSOEk 2009an bigarren alderdia izan 761 bozekin eta 2014an 391 besterik ez ditu jaso.

PPren joera antzekoa izan da eta boza ugari utzi ditu bidean. Espainiar Gobernutik ezarritako murrizketek eta ustelkeria kasuen ondorioek bete betean jo dituzte sozialistak eta popularrak. Arreta deitzen du sozialisten kasuak, baina erabat logikoa da, aintzat hartzen bada hautesle ezkertiarrak erakartzea gogorragoa dela, PSOEk oposizioan egindako lan apala eta Andaluzian epaitzen ari diren kasuak.

Hautesle askok zigorraren aukera hartu dutenez, Podemos alderdia era oso arrakastatsuan agertu da mapa politikoan, sozialistei boza mordoa lapurtuz. PSOEk 1470 boza gutxiago izan baditu, Podemos-ek, bere lehenengo hauteskundeetan, 1027 eskuratu ditu. Ezkertiarren esparruan Ezker Batuak ere gora egin du modu aipagarrian.

Antzeko egoera eman da popularretan eta antza, haiek galdutako hautesle askok UpyD bozkatu dute, 2009an alderdi hori bozkatu zutenen zazpikoitza ia. Vox alderdiak, bestalde, ez du emaitza bereziki positiboak lortu Aiaraldean, nahiz eta bere sortzailea Santiago Abascal Conde amurrioarra izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide