Urtero bezala, aurten ere menditik jaitsiko dira Olentzero eta Maridomingi, herritar guztien artean ilusioa, elkartasuna eta euskara banatzeko. Hasi dira dagoeneko eskualdeko hainbat txoko zeharkatzen, eta datozen egunetan ere beste horrenbeste bisita egingo dituzte.
Iragan asteburuan, esaterako, Murgan egon ziren Olentzero eta Maridomingi. Amurriotik ere pasa ziren, Gazte Alaiak taldeko kideekin egoteko.
Datozen egunetan zitak ugarituko zaizkie, Aiaraldeko txoko askotan baitute hitzordua: Laudion, Artziniegan, Amurrion, Aiaran, Arakaldon, Arrankudiaga-Zollon, Urduñan, Okondon edota Orozkon. Kasu batzuetan ikazkinak bertaratuko dira euren ordez, eta ume zein nagusi guztien gutunak jasoko dituzte.
Txondorrera bisita
Datorren igandean (abenduak 18), aldiz, umeak izango dira Olentzero eta Maridomingi bisitatzera joango direnak. Goikomendira bertaratuko dira, Olentzeroren etxea eta txondorra ikustera. Irteera 10:45ean izango da eta 14:15ean itzulera. Autobuserako tiketak salgai daude dagoeneko Amurrioko Turismo Bulegoan.
Etxera deika
Aipatutako bisita guztiez gain, lan estra bat ere egingo dute Olentzero eta Maridomingik: etxera deituko diete hala eskatzen duten ume zein nagusi guztiei, gabon zoriontsuak opatzeko.
Horretarako laudioko APILLeko kideak diren saltokietan topatu daitezkeen kupoietako bat hartu eta bete behar da. Abenduaren 23ra arte egongo dira deiak egiten.