"1590 urteko herriz herriko biztanleen zerrenda jaso dut liburuan, besteak beste"

Erredakzioa 2016ko abe. 7a, 13:49

AKETZA MERINO (Amurrio, 1987) historialariak liburua argitaratu du eskualdeko abizenenei buruz. Berez, XVI. mendeko hainbat abizen jaso du.

Zein da argitaratu duzun liburuaren izenburua eta zein da bere edukia?

"500 Apellidos Vascos" izendatu nuen, euskal abizenen inguruan dagoen interesa erakartzeko, baina benetako titulua "Onomástica de la Cuadrilla de Ayala en el siglo XVI" da. Oso izenburu deskriptiboa.

AKETZA MERINO (Amurrio, 1987) historialariak liburua argitaratu du eskualdeko abizenenei buruz. Berez, XVI. mendeko hainbat abizen jaso du.

Zein da argitaratu duzun liburuaren izenburua eta zein da bere edukia?

"500 Apellidos Vascos" izendatu nuen, euskal abizenen inguruan dagoen interesa erakartzeko, baina benetako titulua "Onomástica de la Cuadrilla de Ayala en el siglo XVI" da. Oso izenburu deskriptiboa.

Lehenengo zatian, 1590. urteko herriz herriko biztanleen zerrenda agertzen da. Arabako ermandade bakoitzak bere zerrenda egin zuen urte hartan, nik gure ingurukoak bakarrik islatu ditut (gaur egungo Amurrio, Laudio, Aiara, Artziniega eta Okondo udalerrietakoak).

Bigarren zatian, dokumentu horretan agertzen diren abizenak alfabetikoki sailkatu ditut, 1590 urtean zein herritan azaltzen zen islatuz eta, kasu askotan, bere jatorria azalduz. Azken partean, mende horretako beste errolda batzuk bildu ditut, 1562. eta 1582. urtekoak.

Nola bururatu zitzaizun liburua idaztea?

Bat-bateko erabakia izan zen, informazioa biltzen hasi nintzenean ez nuen libururik argitaratzeko asmorik. Baina lana bukatuta neukala, otu zitzaidan interesagarria izango litzatekeela horrekin zerbait argitaratzea.

Nahiko lan handia zen, beraz liburua zen euskarririk aproposena. Informazio gehiago bildu nuen, lana ahalik eta zehatzen izateko. Eta argitatzeko prozesuari ekin nion, nire kabuz.

Nola landu duzu?

Arabako Foru Aldundiko artxiboan ikertzen. 1590 urteko erroldak topatu nituen eta poz handia izan zen hori niretzat, argitaratu gabeko dokumentuak baitira horiek, nik dakidanez. Informazio hori sailkatu eta landu nuen, dokumentuen transkripzioak eta abizenen aurkibidea egiten.

Gero, lehendik neukan informaziorekin osatu nuen liburua. Egia esateko, bilduma baino ez da liburua, nik ez dut gehiegi "idatzi".

Abizenen zerrenda ez ezik, bitxikeriak ere jaso dituzu, zer motatakoak?

XVI. mendeko informazioa dauzkaten artxiboak arakatu nituen abizen bakoitzari bitxikeriren bat gehitzeko, topatuz gero. Batzuetan, kaparetasun frogetatik hartutako informazioa topa dezake irakurleak, baina askotan nik gehitutakoa indarkeriari dago lotuta.

Saiatu naiz, azken finean, XVI. mendeko ahalik eta informazio gehien biltzen abizen bakoitzeko.

Zer nolako harrera izan du argitarapenak eta nola eskuratu daiteke?

Harrera ona izan du, nahiz eta publizitaterik ez egin. Liburua nik ekoiztu dudanez, eskaerak kontrolpean izan nahi nituen. Nahi izanez gero, liburua Amurrioko kioskoan edo estankoan eskura daiteke, eta Laudion Lamuzako kioskoan eskatuz gero ere. Edo nirekin harremanetan jarriaz ere lortu daiteke.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide