Gaur 38 urte betetzen dira Espainiar Konstituzioa onartzeko erreferenduma ospatu zenetik. Espainiako alderdi politiko eta sindikatu nagusiek (UCD, PSOE, Alianza Popular, PCE, CCOO, UGT...) baiezko bozaren aldeko kanpaina egin zuten, eta emaitzak gehiengo horren isla izan ziren: Baiezkoak 15.706.078 boza jaso zituen (boto guztien % 88,54) eta ezezkoak 1.400.505 (% 7,89). Bozkatzera deituak zeuden pertsonen % 32,89ak, berriz, abstenitzea erabaki zuen.
Hego Euskal Herrian, baina, alderdi politiko guztiek ez zuten baiezkoaren aldeko kanpaina egin. EAJk abstentzioa sustatu zuen, Euskadiko Ezkerrak eta urte hartan sortutako Herri Batasunak ezezko boza emateko deia luzatu zuten bitartean.
Ondorioz, baiezkoa ez zen aukerarik bozkatuena izan, abstentzioa baizik, % 48,89koa izan baitzen. Hori dela eta, bozkatzera deituak zeuden pertsonen % 36,9ak baino ez zuen Espainiar Konstituzioaren alde bozkatu.
Aiaraldean ere, antzeko fenomenoa
Antzeko fenomenoa eman zen Aiaraldean ere. Abstentzioa izan zen nagusi, % 48,23arekin, Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera. Baiezkoak hautesleen % 34,17aren babesa jaso zuen, eta ezezkoak % 12,73arena.
Arakaldon, ezezkoa nagusi
Arakaldon, baina, ezezkoa izan zen nagusi: 29 herritarrek babestu zuten aukera hori; baiezkoa, berriz, hamahiruk. Antzeko fenomenoa eman zen Hego Euskal Herriko beste hainbat herri txikietan; Aramaion edo Abaltzisketan, adibidez.
Arrankudiaga-Zollon, berdinketa teknikoa
Arrankudiaga-Zollon ez ziren ez baiezkoa ez ezezkoa nagusitu, bi aukeren arteko berdinketa teknikoa eman baitzen, biak ala biak 109 boza lortu baitituzten.
Handik urte batera udaleko zazpi zinegotziek Euskal Herriaren independentzia aho batez aldarrikatu zuten, adierazpen instituzional baten bidez.