Goizeko 05:00-05:30 inguruan hasi dira enpresetan piketeak. 06:30ean Laudioko Gurutze Gorrian egin dute zita, industriagune nagusietara joateko. 07:30ean udaletxeetara bertaratzeko asmoa iragarri dute, langileei grebara egiteko arrazoiak azaldu eta deialdiarekin bat egitea eskatzeko.
9:00etan herrietako plazetara bertaratzeko deia luzatu du Aiaraldeako Greba Plataformak.
Eskualdeko mobilizazio nagusia 18:00etan abiatuko da Laudioko plazatik. 17:30ean, baina, Aiaraldeko gazte mugimenduak "Gazte Blokea" osatzeko deia luzatu du.
Ekimenak
Greba orokorra bultzatzeko ekimenak, ordea, atzo hasi ziren. Batetik, Aiaraldeko gazte mugimenduak borroka eguna egin zuen. Laudion elkartu ziren 12:00etan herri ezberdinetako gazteak, eta herriko ETT-etan jasaten duten lan prekarietatea salatu zuten. Ondoren, 40 lagunek Lanbide okupatu zuten.
Bestetik, Emaion talde feministak arropa ezberdinak zintzilikatu zituen Laudioko plazan. Mezuan azaldu zutenez, "emakumeak sistema honetatik zintzilik" daudela salatzeko egin zuten ekimena.