Aiaraldea Komunikazio Leihoak 3 urte bete ditu gaur sarean

Erredakzioa 2013ko api. 17a, 16:00

2010eko apirilaren 17an, Amurrioko Juan de Urrutia plazan aurkeztu zen jendaurrean www.aiaraldea.com informazio web-gunea. Hiru urte hauetan proiektua nabarmen hazi da, eta 2012 urtea 193.304 bisitarekin itxi zuen, orain egitasmo berriak ditu elkarteak esku artean.

Boluntario sare zabal batek jarri zuen abian Aiaraldea Komunikazio Leihoa proiektua, “komunikazioaren eta euskararen normalizazioaren esparruan eragiteko helburuarekin”. Irati Mendiguren elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez “lehentasuna euskaraz bizitzeko tresna eraginkorrak mahaigaineratzean jarri genuen, zehazki hizkuntzaren normalizazioan garrantzi estrategikoa duten euskarazko komunikabideen sustapenean”.

Atariaz gainera, hiru urteko ibilbide honen emaitza da 2012ko abenduaren 3an -euskararen egunarekin batera- Aiaraldea Komunikazio Leihoak aurkeztutako Aiaraldea Irratia. Tokiko informazioa eta beste hainbat arlo lantzen dituen euskara hutsezko irratia.

Mendigurenek azaldu duenez, irratiak ibilbide oparoa egin du lau hilabete hauetan, eta egun 15 irratsaio tematiko aireratzen ditute astero, bai eta elkarteko erredakzio egiturak kudeatzen duen eguneroko 'Harian' magazina ere.

Irratia interneten entzungai dago -sakelako gailuetan ere Uhinbak eta Tune-In aplikazioen bitartez- eta Uhinak irrati libreak ere Aiaraldea Irratiko saio guztiak aireratzen ditu FM-ko 96.5 frekuentzian. “Bere bidea egiten ari da irratia, eta euskarazko erreferentzia indartzen ari da Aiaraldeko herritarren artean” azaldu du koordinatzaileak.

Aurtengo helburua, eskualdeko beste irrati komertzialetan ere euskarazko edukiak sustatzea dela azaldu du Mendigurenek “Laudio Irratiari eta Aiara Irratiari elkarlanerako proposamena egiteko asmoa dugu, euren medioetan ere euskarazko edukiak aireratu ditzaten”. Aiaraldea Komunikazio Leihoaren ustez, normalizazioaren bidean euskarazko tresnak sortzeaz gainera, medio elebidunetan euskararen presentzia bermatzea eta indartzea ezinbestekoa da.

 

Datozen hilabeetan berrikuntzak aurkeztuko dituzte: Sakelako aplikazioa eta atal berriak web gunean

Irratia ez da izango ikasturte honetan abian jarritako proiektu berri bakarra, Mendigurenek azaldu duenez, web-gunea berritzeko lanean ari dira, eta erabiltzaileek aldaketa hauek ikusi ahal izango dituzte aurki. “Elkarteei eta euskaraz komunikatzeko grina duten norbanakoei lekua eman nahi diegu atarian, elkarteen lanaren erakusleiho eta bozgorailu bihurtu eta informazio hori gunero egunero atariara gerturatzen diren 800 bisitariei eskaini”.

Komunitatearen Plaza izeneko atal berria datozen asteetan jarriko dute sarean, eta erregistratzen diren pertsona eta taldeek nahieran argitaratu ahal izango dituzte euren edukiak web-gunearen azalean, “talde eta pertsona elebidunak euskaraz aritzeko tresna eraginkorra izango delakoan gaude” azaldu du koordinatzaileak.

Era berean, Aiaraldea Komunikazio Leihoko lantaldea lanean ari da aste gutxiren buruan argitara emango duten sakelako aplikazioa prestatzen. “Android eta Apple-gailuetako sistema eragileentzako eskuragarri egongo da, eta atarian argitaratzen ditugun eduki ia guztiak egongo dira eskura” azaldu du Mendigurenek. Sakelako aplikazio honek Aiaraldea Irratia zuzenean entzuteko aukera eskainiko du, bai eta sortzen diren irratsaioak ere”.

“Sakelako gailuen erabilpena gora doa etengabe, eta herritarren pantailetan tokiko informazioa euskaraz eskaintzen duen ikonoa izatea garrantzitsua dela deritzogu” azaldu du koordinatzaileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide