Zuhaitz landaketak benetako basoak al dira?

Erredakzioa 2013ko mar. 22a, 01:08

Maider Iglesiasek Aranzadiko kideak bere ikerketen berri ematen du testu honen bitartez:

"Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailak ingurune antropizatuen gaineko proiektu berria hasi zuen pasa den urtean. Honen barne pinu eta eukalipto landaketek anfibioengan eduki ditzaketen ondorioak aztertzea da helburu garrantzitsuenetariko bat.

 

Maider Iglesiasek Aranzadiko kideak bere ikerketen berri ematen du testu honen bitartez:

"Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailak ingurune antropizatuen gaineko proiektu berria hasi zuen pasa den urtean. Honen barne pinu eta eukalipto landaketek anfibioengan eduki ditzaketen ondorioak aztertzea da helburu garrantzitsuenetariko bat.

 

Euskal Autonomia Erkidegoan 396.700 ha baso eta landaketa daude. Horietatik 13.023ha (hau da, azalera osoaren %3,28) eukalipto landaketek (Eucalyptus sp.) osatzen dituzte eta 137.500ha (%34,6) insignis pinuek (Pinus radiata). Zuhaitz mota hauen landatzea garrantzia handikoa izan da ekonomiarako azken urte hauetan, zura edo beste material batzuen ustiapenerako erabiliak izan baitira. Dena den, zuhaitz-landaketa hauek habitat sinplifikatuak dira eta beraz, bertan bizi den biodibertsitatea txikiagoa da baso naturaletan bizi denarekin konparatuta. Gainera eukaliptoek, adibidez, askatzen dituzten konposatu batzuek lurzoru eta azaleko uren kalitatean eragina dutela ezaguna da. Hori dela eta, ingurune hauetan bizi diren animaliak baldintza berrietara moldatu behar dira eta askotan, ez dutenez moldatzea lortzen hil egiten dira ondorengorik utzi gabe. Horren ondorioz, askotan populazio hauek urte gutxitan desagertzen dira.

 

Eukalipto eta pinu landaketek anfibioengan daukaten eragina ezezaguna da. Anfibioena mundu mailan mehatxatuta dagoen ornodun taldea da eta espezie ugariren biziraupena basoen menpe dagoen heinean, oso garrantzitsua da azterketa desberdinak egitea etorkizunean beharrezko kudeaketa eta kontserbazio neurriak hartu ahal izateko. Helburu horrekin, herpetologia saileko taldeak uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) hartu du eredu. Uhandre palmatua harizti zein pinu eta eukaliptadietan eratzen diren putzuetan ager daitekeen urodelo (buztandun anfibioa) txiki eta ugaria da. Orain arte 180 uhandre baino gehiago harrapatu dituzte ikerlariek Euskal Herriko harizti, pinudi eta eukaliptadi desberdinetan. Eukaliptadietako uhandreak Urdaibai Biosfera Erreserban harrapatu zituzten Bizkaian agertzen baitira eukaliptadi landaketa nagusiak.

Amurrion ikerketak egin dira

Amurrio aldean bi pinudietan hartu zituzten uhandreak eta baita Delika aldeko erkamezti batean eta Altubeko hariztian ere. Ale guztien osasun egoera aztertu eta gero harizti eta pinudiekin alderatuta, eukaliptadietan bizi diren indibiduoak egoera txarragoan daudela erakusten dute atariko emaitzek. Hala ere, baso mota berdinean ere, deberdintasunak topatu dira, Nafarroako hariztietan harrapaturiko uhandreen osasun egoera Aiara eta Altubekoa baino okerragoa delarik.

 

Euskal Herrian, momentuz, eukaliptadiek ez dute leku asko hartzen. Pinudi landaketekin lortzen zen etekin ekonomikoa, ordea, asko murriztu da azken urteetan eta horrek aldaketa bat suposatzen du basogintzaren kudeaketan. Biodibertsitatearentzat mehatxu bat izanda, eukaliptadiek geroz eta hektarea gehiago betetzen hasi dira ekartzen dituzten arazo ekologikoak kontuan hartu gabe."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide