Baso-igel jauzkariaren osasun egoera aztertzen

Erredakzioa 2013ko mar. 12a, 08:30

Maider Iglesiasek idatzitako artikulua:

Maider Iglesiasek idatzitako artikulua:

Amurrioko naturzale talde batek, zortzi urte daramatza Goi Nerbioiko baso-igel jauzkariaren (Rana dalmatina) populazioaren jarraipena egiten. Urtero, ugalketa garaian, urtarriletik martxora luzatzen dena, putzu desberdinetara hurbiltzen dira erruteen kontaketa egiteko. Eme bakoitzak errute bakarra ipintzen du urte bakoitzean eta, beraz, aukera ezin hobea eskaintzen du metodologia honek populazio tamainaren estima bat egiteko. Gainera, urtero egiten diren jarraipen mota hauek populazioaren dinamika zein den jakitea ahalbidetzen dute.

Baso-igel jauzkariarentzat harizti eta ameztiak dira habitat egokienak. Goi Nerbioi eskualdean aldiz, sega-larreak eta belardiak dira nagusi paisaian eta, beraz, igelak habitat mota hauetara moldatu behar izan du bertan bizirauteko.

Ingurune hauetan agrokimikoen erabilera ohikoa da eta hauek askotan anfibioek erabiltzen dituzten ur-masetara heltzen dira, bertan bizi diren animalien egoera okerragotuz. Hori dela eta, aurten, ohiko erruteen jarraipena egiteaz gain gure ingurunean bizi diren baso-igel jauzkarien osasun egoera aztertzen hasi da Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saila. Igel espezie hau Altuben ere bizi da, non habitat optimoa topatzen duen. Horregatik bertako indibiduoak ere harrapatu dituzte Aiaraldekoekin konparatzeko asmoarekin.

Guztira 70 ale baino gehiago erabili dituzte osasun-egoeraren froga egiteko. Gainera indibiduo bakoitza pisatu eta neurtu dute harrapatutako animalien kondizio fisikoa ikusteko.

Euskal Herriko Espezie Mehatxatuen Katalogoan baso-igel jauzkaria zaurgarri moduan sailkatuta dagoen anfibio espeziea daukagu, hortaz, oso garrantzitsua da existitzen diren populazio bakanen egoera ezagutzea etorkizunean kudeaketa egoki bat egin ahal izateko.

Baso-igel jauzkaria edota herpetologia sailak aurrera eramaten duen beste edozein proiektuari buruzko informazio gehigarria nahi baduzu idatz ezazu herpetologia@aranzadi-zientziak.org helbidera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide