"Jende oro da argazkilaria eta badirudi profesionala lapurra dela"

Aitor Aspuru Saez 2013ko mar. 5a, 12:30

RAFA RIVAS (Laudio, 1970) eta GAIZKA BILBAO (Orozko, 1977) argazkilari profesionalak dira. Ibilbidea luzea egin dute esparru horretan. Duela gutxi proiektu berri bat jarri dute abian: "Fotografías de papel" . Bilboko Maiatzak 2 kalean egiten den azokan saltzen dituzte beraien argazkiak.

 

Zein da zuen ibilbide profesionala?

RAFA RIVAS (Laudio, 1970) eta GAIZKA BILBAO (Orozko, 1977) argazkilari profesionalak dira. Ibilbidea luzea egin dute esparru horretan. Duela gutxi proiektu berri bat jarri dute abian: "Fotografías de papel" . Bilboko Maiatzak 2 kalean egiten den azokan saltzen dituzte beraien argazkiak.

 

Zein da zuen ibilbide profesionala?

Rafa: Nik gehienbat prentsan lan egiten dut. Oso gutxi iraun zuen egunkari batean hasi nintzen, Gaur Expressen, eta gero beste leku batzuetan aritu naiz lanean: El Mundon, Agencia EFEn, telebistan ere ibilitakoa naiz... France Press-ekin 12 urte daramatzat Euskal Herrian ordezkari gisa. Batik bat argazkiak egiten ditut; mota askotako gaiei buruz: kirola, kultura, politika... Egunkariei interesatu ahal zaizkien gai guztiak. Agentziari bidaltzen dizkiot argazkiak eta beraiek nazioarte mailan banatzen dituzte.

Argazkigintzan nire kabuz hasi nintzen. Gero Arte Ederrak ikasi nituen baina garai horretan lanean nengoen jadanik Gaur Expressen. Zeozer ikasi nuen fakultatean baina ez nuen ezer berririk ikasi. Ez asko nekielako, baizik eta oso gutxi irakatsi zidatelako.

Gaizka: Nik prentsan 5 urtez lan egin dut. Kirol argazkigintza landu dut baina mendia, paisaiak, natura... egin ditut, gehienbat turismo kanpainentzat. Nik ez dut argazkigintza ikasi. Txikitatik mendira joaten nintzen eta etxean zegoen argazki makina eramaten nuen nirekin.

 

Zeintzuk dira dituzuen proiektu ezberdinak?

Rafa: Elkarrekin abian jarri dugun proiektua “Paperezko argazkiak” deitzen da. Bere helburua dauzkagun argazkiak paperean eskuragarri jartzea da. Orokorrean irudiak euskarri digitalean banatzen dira eta jende guztiak horrela egiten du lan.Gure asmoa objektua sortzea eta jendeari merke saltzea da. Tirada bakoitza mugatua da. Bilbon antolatzen den azoka batean sortu zen ideia. Azoka hori egiten den kalean ibiltzen gara lokal batean eta hilabetero egiten dela ikusita guk ere parte hartzen animatu ginen.

Gaizka: Bada ere argazkietan interesetuta dagoen jendearekin harremanetan jartzeko modu bat. Askotan ez dakizu jendea interesatuta dagoen edo ez eta modu honetan zuzeneko harremana dugu. Jendeak modu fisiko batean ikusi ditzake gure argazkiak. Azken finean, internet dela medio bakoitzak bere web-ataria du baina hori kea besterik ez da. Horrela kalean egon gaitezke jendearekin.

Rafa: Hedabide batentzat lan egiten duzunean bere beharren arabera egiten dituzu argazkiak. Modu honetan gure argazkiak helarazten dizkiegu gustoko dituztenei. Bere etxean eskegi dezaten.

Gaizka: Gainera lan askoz pertsonalagoak dira. Lana dela eta argazkiak egin behar ditugu baina mundu honetan bagaude zaleak garelako da. Guk gogoko ditugun argazkiak egitea gustatzen zaigu. Lanarekin zerikusirik ez duten argazkiak modu pertsonalean zabaltzeko aukera ematen digu proiektuak.

 

Gehiago baloratzen duzue pertsona batek argazkia erostea jende askok zuen web-atariak bisitatzea baino?

Gaizka: Bi gauzak ditugu. Web-atariek oso harrera ona izan dute baina kalera irten garenean argazkiak saltzera sentzazioak bikainak izan dira. Jendearen aurpegia ikustea argazki bat begiratzen duen bitartean, egiten dituzten galderak... egia da argazkiak saltzeko gaudela baina pertsonen erreakzioa ikustea oso ondo dago.

Azken finean interneten bidez informazio ugari kontsumitzen dugu baina ez dakizu jendearen iritzia zein den. Bisitariak web-ataria ixten du eta ohera joaten da. Era honetan iritziak jasotzen dituzu.

Rafa: Bi euskarriek elkarbizitza egokia dute. Argazkiak inprimatzen ditugun bitartean interneten ere argitaratzen ditugu jendeak ikusi ditzan. Eta gustoko badu baten bat, gurekin harremanetan jarri daiteke eta paketetxo batean helarazten diogu.

 

Rafa, zuk Drumgorri Aretoan egin duzu erakusketa bat, “Life” deiturikoa, zeri buruzkoa da?

Rafa: Kontzertuen inguruko erakusketa da. Duela urte bat edo sortu zen ideia. Drumgorri Aretoko jendearekin hitz egin nuen eta aipatu nien posible zela musikarekin lotuta nituen argazkiak eramatea. Ni ez nago bereziki musika munduan murgilduta, baina nire lana dela era askotara joan behar naiz. Argazki batzuk bildu nituen eta talde ezagunak aukeratu nituen jende gehienak musikariak ezagutu ditzan. Ez da lan pertsonala, bururatu zitzaigun ondo legokela musikarekin harremana zuten argazki batzuk erakustea.

 

Momentuz Maiatzak 2 kalean egiten den azoka parte hartu duzue. Azoka gehiagotan parte hartzeko asmoa duzue?

Gaizka: Bilbon badago beste azoka bat eta haiekin harremanetan jarri gara.

Rafa: Egun batetik bestera hasi gara azoken munduan eta bilatu behar dugu lekua.

 

Argazkigintza munduan, zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuena?

Rafa: Ufa... Urte ugari daramatzat mundu honetan. Ez dakit. Gehien gustatzen zaidana zera da, esparru honetara heldu naizela ez lanpostu baten bila nengoelako, baizik eta gogoko dudalako. Gero argazkigintza, diziplina moduan, uste dut beste modu batean lortu ezin daitezkeen gauzak harrapatu daitekela. Bideoa, adibidez. Bestalde, badago aldagai bat argazkigintzan ez dagoela zure esku, egoeran bertan suertatzen dena edo ez.

Gutxien gustatzen zaidana hedabideek askotan egiten duten erabilera txarra da. Kontua da argazkigintzak hori errazten duela. Nahiz eta objektibitatea saltzen den, oso teknika subjetiboa: argazkia hartzen duzun unea, nola hartzen duzun...

Gaizka: Niri guztia gustatzen zait. Ez dago gauza bat bereziki gustoko dudan. Ez nuke ezer azpimarratuko, baina askatasuna ematen dit lan egiteko orduan. Gutxien gustatzen zaidana da oso merkea bilakatu dela argazkigintza. Jende oro da argazkilaria eta badirudi profesionala lapurra dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide